Guztira, zortzi talde lehiatuko dira: tartean daude, Durangoko Kulturala, Athletic eta Aurrera Vitoria.
Azken urteetan famatu egin dira gaztetxoen mailetako futbol txapelketak. Etorkizuneko izarren lehen pausoak ikusteko aukera ezin hobea direla esanez, telebista kateek etengabe eskaintzen dituzte ligak amaitzeaz batera. Durangoko Kulturalak ere lehenengoz antolatu du gaztetxoen mailako txapelketa astebururako. Datorren denboraldian haur kategorian ariko diren zortzi taldek Tabira futbol zelaian jardungo dute zapatuan eta domekan.
2001ean jaiotako gaztetxoek osatuko dituzte taldeak, eta multzo bitan banatuko dituzte. Lehenengoan, Athletic Club, Gernika, Lagun Artea (Leioa) eta Romo (Getxo) futbol taldeak ariko dira. Bigarren multzoa, Durangoko Kulturala, Aurrera Vitoria, Amorebieta eta Danok Bat (Algorta) taldeek osatuko dute.
Zapatuan sailkapen partiduak jokatuko dituzte: 09:30etik 14:00etara, lehen multzokoek, eta, 15:45etik 20:00etara, bigarrenekoek. Lehen fase horretan, 15 minutuko zati bitan banatuko dituzte partiduak. Multzo bakoitzeko bi onenek finalerdiak jokatuko dituzte domekan, 09:30ean. Finalerdi horietako galtzaileek kontsolazio finala jokatuko dute jarraian; final nagusia, ostera, 12:30ean hasiko da, eta 25 minutuko zati bik osatuko dute.
Amaieran, talderik onenari ez ezik, jokalari, atezain eta goleatzailerik onenari ere sariak emango dizkiete.