Beñat Ugartetxea, kopla txapelketako lehen 'txapalateroa'

Anboto 2013ko eka. 10a, 12:26

Dozena bat bertsolari, eta ohikoa baino bertsoaldi laburragoak. Koplaka ederto ibili ziren barikuan Durangaldeko I.Kopla Txapelketan. Txapelaren ordez, \'Durangoko plateruek utzitako balio handiko txapalata\' eduki zuten jokoan, enbudo itxurako trofeo distiratsua. Beñat Ugartetxeak lortu zuen sari preziatua, publikoko epaimahaiek horrela erabakita

Dozena bat bertsolari, eta ohikoa baino bertsoaldi laburragoak. Koplaka ederto ibili ziren barikuan Durangaldeko I.Kopla Txapelketan. Txapelaren ordez, "Durangoko plateruek utzitako balio handiko txapalata" eduki zuten jokoan, enbudo itxurako trofeo distiratsua. Beñat Ugartetxeak lortu zuen sari preziatua, publikoko epaimahaiek horrela erabakita.

 

Formatu berezian jokatu zuten barikuan kopla txapelketa: Ghetto taldearen soinu-banda, hamabi bertsolari, batzuk plazan dabiltzanak, besteak oraintxe hasten, Juan Mari Areitio beteranoa ere tartean... Koplaka ere ale politak uzteko gai direla erakutsi zuten bertsolariek, eta euren artean, azkenean, Beñat Ugartetxea izan zen "txapalaterue".

 

Ibilbidea hasi berri duen Durangaldeko bertso eskolen elkarteak antolatu zuen barikuko zita berezia. Hasieran hamabi bertsolariak hasi ziren kantuan: Txaber Altube, Aitor Bizkarra, Miren Amuriza, Gorka Lazkano, Igor Elortza, Erika Lagoma, Juan Mari Areitio, Eneko Abasolo Abarkas, Beñat Ugartetxea, Garikoitz Sarriugarte, Ander Aldazabal eta Ane Alegria. Txomin Magdalena eta Markel Onaindia aurkezleen aginduetara jardun zuten, ariketa bakoitzean erlojuaren kontra; hiru minututan koplaka ibili eta gero arranaren soinuak amaitu egin behar zutela esaten zien.

 

Afaritara ia 90 lagun batu ziren, eta afalosteko girora beste hainbat gerturatu ziren gero Plateruenera. Bertsolariak sasoiko ibili ziren koplaka, eta gaztetxoenek ere erantzun onak eman zizkien oholtzan esperientzia gehiago duten bertsolariei. Epaimahaia, publikoan eta herrika egon zen banatuta, taldetxotan. Lehen fasetik sei bertsolari aukeratu zituzten bigarren faserako, eta gero, buruz-burukoa ere eurek erabaki zuten: Igor Elortza eta Beñat Ugartetxeak jardun zuten azken ariketa horretan. Azkenean, mallabiarrak irabazi zuen Durangaldeko lehen txapalata. 

 

\"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!