Longo gazteak eta Stevens estatu batuarrak osatu dute podiuma. Vos bosgarren tokiarekin konformatu behar izan da.
Emma Johanssonek (Suedia, 29 urte) irabazi du Emakumeen Biraren 26. aldia. Atzoko azken etapan aurreko egunetan hartutako aldea defendatu zuen Longo eta Stevens-en gurpiletara itsatsiz. Fruizen hasi eta Gatikan amaitu zen etapan, Rigoitia jaisterakoan Johansson, Stevens eta Longok ihes egin zuten Birako txirrindularirik indartsuenak zirela erakutsiz. Ondoren, Van der Breggen gehitu zitzaien eta laurek batera egin zuten helmugara arteko bidea. Helmuga aldapa baten amaieran zegoen eta Longok eraso gogorra jo zuen, aurkariak atzean uzteko ez, baina etapa irabazteko balio izan ziona. Stevens eta Johansson bigarren eta hirugarren helmugaratu ziren irabazlearen denbora berean.
Ondorioz, Gatikako podiumean Emma Johanssonek jantzi zuen Emakumeen Birako irabazleari dagokion maillot horia. Elisa Longo (Italia, 21 urte) geratu zen bigarren eta mendiko maillota ere irabazi zuen. Evelyn Stevens (Estatu Batuak, 30 urte) izan zen hirugarrena.
Erregularitateari dagokion maillot berdea Marianne Vos-entzat izan zen. Espero baino uzta urriagoagaz konformatu behar izan zuen herbeheretako izarrak. Gazteen sailkapenean Sabrina Stultiens izan zen aurrena. Lehenengo euskalduna Bizkaia-Durango taldeko Ane Santesteban izan zen (18. postuan) Eider Merino (Lointek) debutariaren aurretik.
SAILKAPEN NAGUSIA
- Emma Johansson (Orica-AIS)....................... 7.56.47
- Elisa Longo (Hitec Products UCK)................. 38 seg
- Evelyn Stevens (Specialized Lululemon)......... 2.14
- Anna Van Breggen (Sengers)......................... 2.45
- Marianne Vos (Rabobank).............................. 2.57