Futbolaren gaineko kongresua antolatu dute asteburuan Durangon.
Zapaturako eta domekarako futbolaren gaineko lehen kongresua antolatu du Gertasport enpresak Durangoko Gran Hotelen. Futbol profesionalaren makineria hamaika torlojuk osatzen dute, eta arrakasta alderdi denen arteko harmonian eta eraginkortasunean dago. Ideia hori buruan, futbola ertz askotatik aztertuko duten hamar adituk parte hartuko dute hitzaldietan: medikuek, entrenatzaileek, psikologoek… Kongresuko entzule izateko izen-emateko epea amaituta dago, eta aulki denak bete dituzte: 80 guztira. Asko Euskal Herrikoak dira, baina kongresua bertatik bertara jarraituko dutenetako batzuk Madril edo Castellotik etorriko dira, besteak beste.
Kongresua zati bitan banatu dute: teorikoa eta praktikoa. Zapatuko sei hitzaldiak Durangoko Gran Hotelen egingo dituzte; Jose Mari Amorrortu, Jon Pascua, Jose Carrascosa, Felix Sarriugarte, Juan Iribarren eta Joxean Lekue izango dira hizlariak. Domeka goiza Iurretako Larrakozelaian emango dute Mikel Etxarri eta Gonzalo Arconadaren azalpenak entzun eta Iurretakoko jokalariekin lantzeko. Ondoren, Gran Hotelera bueltatuta, Gari Fullaondo eta Jose Luis Mendilibarren berbaldiek emango diote amaiera kongresuari.
Ekimeneko antolatzaileetako bat den Mikel Arangurenen berbetan kongresua “urteroko hitzordu” bihurtzeko asmoa dute, mota onetako ekimen gutxi daudelako inguruan. Durangaldean sortutako enpresa denez eta Durango kokaleku pribilegiatuan dagoenez (azpiegiturak, garraiobideak…) kongresua hemen egitea aukeratu dute. Aurkezpen ekitaldian eskerrak eman zizkien hizlariei erakutsi duten prestutasunagatik eta babesleei euren laguntzagatik, batez ere, Gran Hoteli, Cafes Baqueri eta Bizkaiko Futbol Federazioari.
Parte hartzaileak
Jose Mari Amorrortu
Zapatuan, 10:00etan hasiko du berbaldia. Amorrortu Athletic Clubeko Kirol Zuzendaria da gaur egun, eta han pilatutako esperientzia oinarri hartuta, jokalarien formazioaren inguruko xehetasunak eskainiko ditu
- Jon Pascua
Zapatuan, 11:30etik aurrera, kirol errendimenduari buruz ariko da Jon Pascua. 2010etik hona Hegoafrikako Mamelodi Sundows taldean lan egiten du, eta hango esperientziak eta abenturak ere azalduko ditu.
Jose Carrascosa
Zapatuan, 12:45ean hasita, autokonfiantzaren alorra sakonduko du gaur egun Sevilla futbol taldeko psikologoa den Carrascosak. Valentzia taldeak liga irabazi zuen kirol taldeko partaidea ere izan zen.
- Felix Sarriugarte
Zapatuan, 16:00etan, bazkalosteko lehen hitzaldia eskainiko du. Athletic taldea entrenatu zuen, eta aurten Oviedon ari da. Entrenatzaileek hartu behar dituzten askotariko erabakien gainean jardungo du.
Juan Iribarren
Zapatuan, 17:15ean, gaur egun Espanyol futbol taldeko prestatzaile fisikoa den Iribarrenek hartuko du hitza. Jabier Aguirre entrenatzaileagaz lanean ibili da 10 urtez, Osasuna eta Athlético de Madrid lako taldeetan.
Joxean Lekue
Zapatuko jardunaldiari amaiera ipiniko dio Athletic Clubean mediku zerbitzuetako buru den Lekuek. Besteak beste, medikuen eta talde teknikoaren arteko hartu-emanak zelakoa izan behar duen azalduko du.
Mikel Etxarri
Domekan, 09:30ean, jokoa zelan ikusi eta oreka zelan lortu izango ditu berbagai Euskal Selekzioko hautatzaileetako bat den Mikel Etxarrik. Larrakozelaian egingo diren hitzaldi praktikoetako aurrenekoa da.
Gonzalo Arconada
Domekan, 10:30ean, Real Sociedad, Almeria, Tenerife eta Numantzia taldeak entrenatu dituen Gonzalo Arkonadak hartuko dio lekukoa Etxarriri. Entrenamenduen osaketaren gainean jardungo du.
Gari Fullondo
Alderdi praktikoaren ostean, domekan, 12:15ean, eguerdiko lehen hitzaldia eskainiko du Gran Hotelen. Espainiako Futbol Federazioan lehen, bigarren eta bigarren B mailetako teknikoen aholkularia da.
Jose Luis Mendilibar
Osasunagaz mailari eustea lortu duen Mendilibarrek itxiko du lehen futbol kongresua domekan, 13:15ean. Defentsa lanean presioa zelan landu daitekeen azalduko du entrenatzaile zaldibartarrak.