"Bertsozaleak batu gura ditugu; gutxi inporta du txapela nork jantzi"

Anboto 2013ko mai. 31a, 13:11

Eñaut Uruburuk eta Enea Pinillosek aurkeztu digute Durangaldeko I. Kopla Txapelketa

Eñaut Uruburuk eta Enea Pinillosek aurkeztu digute Durangaldeko I. Kopla Txapelketa.

 

Zer parte-hartze daukazue bakoitzak ekimen honetan?

Eñaut Uruburu: Bost laguneko antolatzaile taldean gabiltza, bertso munduan elkar ezagututakoak.

 

Zer helburugaz antolatu duzue Kopla Txapelketa hau?

Enea Pinillos: Durangaldeko bertsolariak eta bertsozaleak batzea da helburu nagusia, batez ere, gure arteko harremana indartu gura genuke.

E.U.: Bizkaiko bertsozale elkartearen barruan, Durangaldeko bertso eskolen elkartea antolatzeko bidean dago, eta hauxe litzateke elkarlan horren lehenengo emaitza. Nagusiak eta gazteak batzen dituen formatuan. Afaria, kopla txapelketa, musika...

 

Eskaintza berezia da ekainaren 7ko Plateruenekoa. Eduki duzue ereduren bat?

E.U.: Bai, urteak dira Zarauzko gaztetxean, adibidez, Kopla Txapelketa antolatzen dutena, eta dakigunez, giro ona sortzen da.

 

Parte hartuko duten bertsolariak adin oso anitzekoak dira.

E.U.: Bai, hala da. Izan ere, adinari begiratu barik, Durangaldeko bertsolariak elkartzea da asmoa. Txaber Altube eta Juan Mari Areitio izan daitezke horren adibide.

 

Durangaldeko hainbeste bertsolari oholtza beretik kantuan entzuteko aukera da.

E.U.: Bai, txapelketa kenduta, ez da ohikoa Durangaldeko horrenbeste bertsolari oholtza beretik kantuan entzutea. E.P.: Txapelketetan ere ez dira hain adin eta kondizio anitzeko bertsolariak entzuten.

 

Zergatik koplatan?

E.U.: Bertsolarien arteko diferentziak biguntzen lagundu lezake formatu honek. Baina koplatan ondo egitea ez da erraza. Koplak informalitatea ematen dio; txapelketa nork irabazten duen gutxienekoa da: bertsozaleak batzeko aitzakia da.

E.P.: Arina delako, saio bizia sortzeko aukera ematen duelako ere aukeratu dugu.

 

Bertsoekin tartekatuta musika ere izango da ekainaren 7ko Platerueneko saioan, ezta?

E.U.: Bai, saio berezia izango da. Txomin Magdalenak eta Markel Onaindiak aurkeztuko dute, eta Ghetto musika taldeak ere parte hartuko du tarteka abestiak eskainiz. 21:00etan afaldu, eta gero, 23:00etan hasiko da emanaldia. Sarrerak Plateruenean eskuratu daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!