Mario Zubiagaren hitzaldi batek luzerako ematen du. Bere hausnarketak memorian geratzen zaizkigu. Gaurkoan herritarren parte-hartzearen harira berak emandako definizioaz jardungo naiz. Parte- hartzeak hiru arlo dituela azaldu zigun: parte eman, parte hartu eta parte izan.
Azken horrek borobiltzen du parte-hartzearen kontzeptua, alegia, zerbaiten parte izatearen sentimendua. Orain aste batzuk, Durangoko trenbideetako pasabideak zabaltzeko auzolanean aritu ginen herritar talde bat. Kalean topatzen genituen herritarrek trenbideekin zeuden arazoez parte eman ziguten, eta euren kexak jaso genituen; lehenengo, baina, gai honetaz aritu ginen udal batzordeetan eta bilkuran behin eta berriz, emaitzarik gabe.
Ondoren, ekimena izan eta pasabideak auzolanean elkarrekin zabaltzeko proiektu batean parte hartu genuen; eta funtsean, ekimen osoa kontuan izanda, zerbaiten parte izan ginen. Poztasuna itzela da, eta sentsazioa erabat gomendagarria, parte eman, parte hartu eta parte izateko gaitasunik ez duten agintarientzat. EAJk, hain zuzen, parte eman, parte hartu eta parte izateko gaitasun falta hori agerian utzi du. Herriaren parte-hartzearen atzetik joan da, eta herritarrek duten meritua onartu ordez, egindakoa suntsitu eta garaikurra janzteko saiakera egin du. Saiakera antzua. Burokrazia injustuari aurre egiteko erabakiari aurre egin ziotelako, zorionak herritar talde horri! Segi horrela, auzolan berriak etengabe loratu arte.