San Mamesek badu xarma berezi bat gainerako futbol zelaietatik bereizten duena. 95 urtez, zaletuen poztasun eta tristuren testigua izan da. Aldaketaren eguna iritsi da, baina. Eraikin zaharrak San Mames Barriari emango dio lekukoa. Asteburuan jokatuko dute azken partidu ofiziala, Levanteren kontra.
Katedralak Athleticeko fededunak domekaro bildu ditu ia mende batez, bai harmailetan, baita zelaian ere. Karmelo eta Andoni Cedrun aita-semeak, Lasa, Arieta, Carlos García eta Durangaldeko beste hainbatek klubaren historiako orrialde esanguratsuak idatzi dituzte.
Gaur egun, Ander Iturraspe (Abadiño, 1989) da talde zuri-gorriaren lehen taldean jokatzen diharduen eskualdeko ordezkaria, Fulham talde ingelesak Fernando Amorebietaren fitxaketa asteon publiko egin eta gero.
Iturraspegaz batera, Durangaldeko hainbat Athletic zalegaz hitzordua jarri dugu. San Mames zaharrean bizitakoaren inguruan galdetu diegu. Iturraspe ordurako heldu da zitara. Abadiñarrari galdetu diogu lehenengo. Akorduan ditu 19 urtegaz Valladoliden aurka San Mamesen jokatu zituen lehenengo hogei minutuak: “Beroketak egiten nenbilen. Jokatzera nindoala eta prestatzeko esan zidaten. Berdegunera sartu orduko, Caparrosek esan zidan nekien moduan jokatzeko, lasai jokatzeko”. Lehenengo partiduetan tentsioa izaten zela nagusi aitortu du jokalariak: “Gauza asko egin gura dituzu denbora gutxian”. Hamar urtegaz harrobian sartu zenetik, partiduak ikustera joaten zen San Mamesera. Egunen batean, bera ere lehen taldeko jokalaria izango zela amesten zuen sasoi hartan. “Garai hartan, urrun ikusten nuen lehenengo taldea. Belaunaldi bakoitzetik lehen taldera jokalari bakarren bat pasatzea izaten da ohikoena. Anbizio larregi edukitzea ere ez da ona izaten, gainera. Hobe da presio hori alde batera uztea”.
Hamabostero San Mames zaharrera autobusez heltzen direnean, ondoan eraikitzen ari diren zelai berriaren aurrerapenak ikusten dituzte. “Jokalari guztiok ipintzen gara autobusaren alde horretako leihoetan, zelai berriko obrak zelan doazen ikusteko”.
Badatoz Athletic zaleak ere Anbotoren topagunera. Batzuek ezagutzen dute dagoeneko Iturraspe. Beste batzuek, ostera, lehenengoz ikusi dute aurrez aurre. Manu Beltran eta emaztea hamazazpi urtean dira Athleticeko bazkide. 1984an liga irabazi zuten eguna ez dute ahazteko moduan. “Arkonadaren atearen atzean geunden, Licerazuk golak sartu zituenean”. Beltran Durangoko Sapuherri-Imanol Etxeberria peñako kidea da gainera.
Marijo Berrojalbiz eta Matxalen Fernandez ama-alabek bihotzean daramate Athletic. Matxalen jaio zenean, Marijok Athletic Fundazioaren kide egin zuen. “Lezamara entrenamenduak ikustera eta nesken partiduetara ere joaten gara”. Matxalenek berak futbolean jokatzen du.
Maixa Garro orain zazpi urte egin zen bazkide. “Fernando Amorebieta lehenengo taldean hasi zenean aukera izan genuen, eta bazkide egin ginen. Leire alaba txikia ere zalea da.
Hogei urte daramatza Gorane Muñoz zaldibartarrak Athleticeko bazkide. Txikitan, zaletasuna zuela-eta, aitak bazkide egin zuen. Horrenbeste urtean partidu gogoangarri askogaz gozatu du: “Sporting de Lisboaren aurka Europa Leaguen finalaurrekoa nabarmenduko nuke. Oso giro ona rgon zen”. Ahaztekoa, ostera, Stephanovicen sasoia izan zela deritzo. “Rayo Vallecanori irabazi genion, jaitsi ez jaitsi geunden”.
24 urte daramatza Athleticeko karnetagaz Nerea Rebolledok. Pena handiz bizi du San Mames zaharraren itxiera. “San Mames berezia da niretzat. Ordu asko eman ditut han, tartean nire haurdunaldiak. Bi umeak San Mamesen egon dira jaio aurretik”. Zelai berria, modernoa dela deritzo, “baina arkua falta zaio, ikur bat da”.
Joseba Goxentziak hiru-lau urte daroaz bazkide, baina aurretik ere joan izan da San Mameseko partiduak ikustera. Gogoan dauka Julen Guerreroren golagaz Ligan bigarren geratu zirenekoa. Bere aldeko porterian izan zen: “Zelaira salto egin genuen, eta belar zati bat hartu genuen”.
Josu Urrutiak prentsaurrekoan baieztatu du atzo Athleticek Bizkaiko jokalariez osatutako selekzio baten aurka jokatuko dutela ekainaren 5ean
Iñaki Gomez Mardonez Bizkaiko Futbol Federazioaren presidenteak Urrutiarekin batera atzo emandako prentsaurrekoan azaldu zuenez, oraintxe jarriko dira hautatzailearen eta jokalarien bila ekainaren 5eko partidua prestatzeko. Martitzenean bertan jarri zen kluba harremanetan Bizkaiko Federazioagaz, partiduan parte hartzea proposatzeko. Albistea emozioz hartu dutela dio Gomez Mardonezek. |