Mallabiak eta Elorriok gertu dituzte final laurdenak

Anboto 2013ko mai. 16a, 09:17

Bizkaiko XLIV. Herri Arteko Txapelketako hirugarren kanporaketa gainditzeko aukera handiak dituzte Mallabiak eta Elorriok. Atxondori aldapa gora ipini zaio

Bizkaiko XLIV. Herri Arteko Txapelketako hirugarren kanporaketa gainditzeko aukera handiak dituzte Mallabiak eta Elorriok. Atxondori aldapa gora ipini zaio.

 

Mallabiak 3-0 menderatu zuen Dima joaneko partiduetan. Kadeteetan 22-7 irabazi zuen; gazteetan 22-2 eta nagusietan 22-15. Emaitzak ikusita ez du ematen bueltako jardunaldian (barikuan, 19:00etan, Diman) aurrera egiteko arazorik izango duenik. Hiru partidutik bat irabaztea nahiko du final laurdenetara sailkatzeko. Sailkatuko balitz, Markina izango luke aurkari seguruenik, joaneko jardunaldian partidu denak irabazi zizkiolako Barakaldori.

 

Elorriok kadeteetako (22-16) eta nagusietako (22-0) partiduak irabazi zizkion Zornotzari. Gazteen mailakoa 18-22 galdu zuen. Nagusietan Azpirik eta Landaburuk jipoi handia eman zioten Zornotzako bikoteari. Bueltako partiduak zapatuan, 18:00etan, jokatuko dituzte Zornotzan. Elorriok aurrera egiteko aukera handiak ditu nagusietan alde handia dagoelako eta beste maila bietan, galduta ere, tanto asko egiteko gaitasuna badutelako. Txapelketako adar berean, Arrankudiagak abantaila hartu dio Lemoari (2-1)

 

Atxondok, aldiz, hanka eta erdi herri artekotik kanpora du. Joanekoan hiru partiduak galdu zituen Gernikaren aurka: 2-22 kadeteetan, 14-22 gazteetan eta 9-22 nagusietan. Itzuliko neurketak Gernikan jokatuko dituzte zapatuan, 18:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!