Zapatuan kluben 20 urtez azpiko Bizkaiko txapelketa jokatu zuten Basaurin. Bidezabalek gizonena eta emakumeena, txapelketa biak irabazi zituen. Emakumeetan bigarren sailkatu zen Durango Kirol Kluba.
Basauriko Artunduaga kiroldegian jokatu zen txapelketa. Bidezabaleko atletak hainbat probatan nagusitu ziren: Alvaro Lopez (100 metrotan), Oualid Ait Alali (600 metrotan), David Izkara (altura jauzian), Said Ben Aissa (salto hirukoitzean), Alvaro Paz (6 kiloko pisu jaurtiketan), Jorge Gonzalez (1.000 metroko martxan), Naroa Martinez (600 metrotan), Garazi Lekunberri (3.000 metrotan) eta Eskolunbe Puente (300 metro hesietan). Horrez gainera, beste hainbat atletek lehenengo hiru tokietan sailkatzea lortu zuten. Gizonen taldeak 78 puntu batu zituen eta emakumeenak 84. Podiumaren mailarik gorenera igo ziren talde biak.
Durango Kirol klubak bigarren amaitu zuen emakumeetan eta bosgarren gizonetan. Txapelketa honek beste klub batekin batera aurkezteko aukera eskaintzen du, talde horietako batek, gehienez, hiru atleta ipintzen baditu. Durango Kirol Klubak Lekeitioko Tximista klubaz bat egin zuen. Emakumeetan Lekeitioko klubak hiru atleta ekarri zituen eta gainerako denak Durangoko klubekoak izan ziren. Talde konbinatu honek proba bitan irabaztea lortu zuten: Izaro Telleria 1.500 metro obstakuloetan, Irati Agirregomezkorta xabalina jaurtiketan. Nahia Ibarzabalen eta Eider Gorritxategiren bigarren postuak ere erabakigarriak izan ziren emakumeetan bigarren tokian amaitzeko. Gizonetan Bryan Napan-ek xabalina proba irabazi zuen.
EMAKUMEEN SAILKAPENA
1- Bidezabal................................................. 84 puntu
2- Durango Kirol Kluba-Tximista................ 82
3- Galdakao................................................. 80
4- Berango................................................... 69
5- Portugalete.............................................. 63
GIZONEN SAILKAPENA
1- Bidezabal................................................ 78
2- Santurtzi................................................. 58
3- Sendoa................................................... 46
4- Portugalete............................................. 45
5- Durango Kirol Kluba-Tximista........................ 40