Borja Abasolo abadiñarra (Debabarrena taldea) ihes eginda helmugaratu da Berriatuako lasterketan eta Bizkaiko txapelketa irabazi du elite mailan. Ziortza Isasi elorriarra (CAF Transport Engineering) gazte mailan laugarren sailkatu da eta bera izan da aurreneko bizkaitarra.
Asteburuan Berriatuan lehiatutako XXXI. San Gregorio saria Borja Abasolok irabazi du. Euskaldun Torneorako puntuagarria zen lasterketan Bizkaiko txapela ere ebatzi zen eta abadiñarrak jantzi zuen txapel hori. Helmugarako 50 kilometroren faltan bost laguneko ihesaldi batean sartu zen Abasolo. Mendate bi geratzen ziren helmugara artean: Santa Eufemia eta Calvario. Santa Eufemian gora txirrindulari bik aurrera egin zuten, Abasolo tartean. Calvarion gora abadiñarrak erasoa jo eta bakarrik egin zituen helmugara arteko 20 kilometroak. Abasolok laugarren bider irabazi du Bizkaiko txapelketa: behin 23 urtez azpiko mailan eta hiru bider elite mailan. Horrela, orain astebete Eibarren jokatutako Espainiako Kopako lasterketak utzitako "zapore garratza" kendu du: "Urteko helburuetako bat da Espainiako Kopa. Ez nintzen sasoian aurkitu eta ezin izan nuen aurrean amaitu. Zaporre garratza geratu zitzaidan, taldea ere bertakoa delako. Bizkaiko txapelketa irabazteak gainetik presioa kentzeko ere balio izan dit", adierazi du Abasolok.
Asteburuan Txorierriko Sari Nagusia ere lehiatu dute eta gazte mailan Ziortza Isasi elorriarra izan da onena. Lasterketan laugarren sailkatu da, baina lehenengo bizkaitarra izan denez, berak irabazi du Bizkaiko txapelketa. CAF Transport Engineering taldeak taldekako sailkapena ere irabazi du, besteak beste, Ziortza Isasi, Olatz Agorria eta Ainara Sanz-Vaz txirrindularien lanari esker. Nagusien mailan, Ane Santesteban (Bizkaia-Durango) eta Belen Lopez (Lointek) zazpi segundoko aldeagaz heldu ziren azken metroetara eta bien arteko esprintean Lopez nagusitu zen. Bizkaia-Durango taldeak Anna Sanchis (bosgarren), Lourdes Oiarbide (zazpigarren), Irene San Sebastian (zortzigarren) eta Elena Lloret (hamargarren) ere aurreneko hamarren artean sailkatu zituen.
Kadeteen mailari dagokionez, Otxandiok Andikonako II. Saria hartu du asteburuan eta Elorrioko Gaursa-Renaultek taldekako sailkapena irabazi du. Irabazle guztiek Egoitz Garcia (Cofidis) eta Jonathan Castroviejo (Movistar) txirrindulari profesionalen eskutik jaso zituzten sariak.
Azkenik, Amorebieta-Etxanoko Udaberri Sarian Cafes Baque-Conservas Campos taldeko Mario Gonzalez kantabriarra bosgarren sailkatu zen.
Otxandioko lasterketako irudia: