"Kalitate handiko poesia egin zuen Lauaxetak, irudi oso ederrak sortuaz"

Anboto 2013ko api. 13a, 08:45

Estepan Urkiaga \'Lauaxeta\'ren lana \"samurrago\" emateko prestatu dute \'Ludi honen bestaldez\' liburua

Estepan Urkiaga \'Lauaxeta\'ren lana "samurrago" emateko prestatu dute \'Ludi honen bestaldez\' liburua.

 

Zelan elkartu zarete Lauaxetaren testuen inguruan?

A.M.Aldekoa-Otalora: Orain hamar urte inguru, berriketaldi bat izan genuen Xabier Bovedak eta biok, eta iazko urtarrilean heldu genion berriro gaiari: Lauaxeta fusilatu zutela 75 urte bete zirela gogoan hartuta.

 

Zerk bultzatu zaituzte?

A.M.Aldekoa-Otalora: Oso zabalduta dago Lauaxetak euskara zaila erabiltzen zuela: goi mailako euskara zerabilen, zaila, gaurko irakurlearentzat. Gure poeta nazionaletako bat da Lauaxeta, baina gure ikasleek ez dute bere lana ezagutzen: irakurketa erraztu guran jardun dugu.

Xabier Boveda: Lauaxetaren hilketaren 75. urteurrena gogoratu gura zuen Labayru Ikastegiak ere, eta eurekin argitaratu dugu liburua. Adolfo Arejita Labayruko zuzendaria asko inplikatu da proiektuan, eta Sebastian Gartzia Euskaltzaindiko Literatura Batzordeko kideak ere lan handia egin du.

 

Urtebeteko lana izan da?

Alberto Errazti: Bai. Lana banatu eta aldiro-aldiro batzarrean batu gara, Durangoko liburutegian. Batzar horietan adostu ditugu lanaren irizpideak: zer forma lehenetsi, metrika zelan landu... Osotasun bat eman diogu horrela liburuari.

 

Zeintzuk dira lanerako zehaztu dituzuen irizpide nagusiak?

Xabier Boveda: Moldaketa bat egin dugu: Lauaxetaren lana gaurko irakurleari hurreratzea izan da helburu nagusia. Gaurko idaztarauak kontuan hartuta moldatu dugu, eta bizkaiera arautuaren moldera ekarri dugu. Asko errespetatu dugu, baina, jatorrizkoa. Poesia neurtua eta errimatua izanik, oso inportantea da neurria, eta hori ere zaindu dugu: ez dugu aldatu gura izan. Tipografiaren bidez edo oharren bidez ematen ditugu hainbat azalpen.

 

Neologismozalea zen Lauaxeta. Zelan landu dituzue horiek?

Alberto Errazti: Hiztegiaren eta sinonimoen bidez azaltzen dizkiogu irakurleari.

Xabier Boveda: Izan ere, idazlearen estiloa mantentzea izan da hirugarren irizpidea: neologismoak ere Lauaxetaren ekarpenaren parte direla uste dugu.

 

Zer olerki landu dituzue?

Alberto Errazti: Bide barrijak eta Arrats Beheran liburuak, eta Espetxekoak laneko olerki batzuk.

Xabier Boveda: Lehen esan dugu samurrago eman gura izan dugula Lauaxetaren poesia. Baina ez da erraza. Izan ere, lehenengo liburuaren izenburuak ere esaten du: bide berriak jorratu nahi zituen Lauaxetak. Modernismoa esaten zaiona euskal literaturara ekarri nahi izan zuen: euskal olerki berria sortu.

A.M.Aldekoa-Otalora: Haize berriak ekarri zituen Lauaxetak: bera bezala fusilatu zuten Garcia Lorcarekin harreman estua zeukan, esaterako. Mundu horrekin lotura zeukan, eta hori euskarara ekarri gura zuen.

 

Zergatik irakurri beharko genuke Lauaxetaren poesia?

Xabier Boveda: Askorentzako, eredu bat da Lauaxeta. Irakurri barik ere mitifikatua izan da, gudaria izan zelako, abertzalea, gazterik fusilatu zutelako... Hortik harago, baina, poeta ona izan zen. Gerrak guztiz zapuztu arren, oso ahalegin polita egin zuen: euskal kulturaren barruan zerbait modernoa egitea. Eta kalitate handiko poesia egin zuen, irudi oso ederrak sortuaz.

A.M.Aldekoa-Otalora: Mitoaren bila dabilenak, amaieratik hasi dezake irakurketa —Espetxekoak ataletik— eta hortik hasi Lauaxeta deskubritzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!