Atxondo, Mallabia eta Iurretari Elorrio batu zaie aurten, Bizkaiko herri artekoan

Anboto 2013ko api. 11a, 09:22

Bost urteren ostean, Elorriok berriro parte hartuko du herri artekoan; Mallabiak eta Atxondok bigarren txandan ekingo diote txapelketari; Berrizek eta Durangok aurten ez parte hartzea erabaki dute

Bost urteren ostean, Elorriok berriro parte hartuko du herri artekoan; Mallabiak eta Atxondok bigarren txandan ekingo diote txapelketari; Berrizek eta Durangok aurten ez parte hartzea erabaki dute.

 

Asteburu honetan hasiko da Bizkaiko Herri Arteko Pilota Txapelketa. Esku pilotan lau ordezkari izango ditu Durangaldeak: Iurretak eta Elorriok behe-behetik ekingo diote, eta Mallabia eta Atxondo bigarren kanporaketan sartuko dira. Zestan, Durango izango da eskualdeko ordezkari bakarra.

 

Urtero legez, kanporaketa sistemaren bidez eta joan-etorriko jardunaldietan jokatuko dute txapelketa kadete, gazte eta nagusi mailetan. Finalak ekainaren 6an eta 16an jokatuko dituzte. Iaz txapelketan aritu ziren Berrizek eta Durangok aurten ez dute parte hartuko esku pilota txapelketan. Eta Elorriok, kontrara, berriro jokatuko du, bost urteko parentesiaren ostean.Sasoi batean herri arteko hiru txapelketa irabazi zituen herriak Lekeitio izango du arerio lehen kanporaketan. Elorriok nagusietan du bikoterik indartsuena Igor Azpiri eta Jon Landaburugaz. Joaneko partiduak barikuan,  19:00etan, jokatuko dituzte Lekeitioko pilotalekuan.

 

Iurretak Lezamari aurre egingo dio lehen kanporaketan. Joaneko partiduak domeka honetan, 11:00etan, jokatuko dituzte Lezamako pilotalekuan. Nagusietan, Manex Solozabalek eta Unai Badiolak osatuko dute bikotea; gazteetan, Gorka Otaduik eta Iker Larrazabalek; kadeteetan erabaki barik dute Ekaitz Anduezaren laguna. Mikel Bereinkua gazteak ezingo du asteburuan jokatu eskuko minez dagoelako.

 

Mallabiaren nagusietako bikotea Andoni Aldapek eta Ander Martinezek osatuko dute. Behar izango balitz, Mikel Garcia ere jokatzeko moduan dago. Gazteetan Aitor Elordiren eta kadeteetan Ioritz Gisasolaren bikoteak erabaki barik dituzte. Atxondok nagusitako bikotea du erabaki barik. Kadeteetan Renato Nuñezek eta Dani Rodriguezek eta gazteetan Jon Bernasek eta Arkaitz Diezek jokatuko dute. Rodriguez bigarren urteko infantila da, baina kadeteetan jokatuko du. Oro har, herri denek final zortzirenak ipini dituzte helburu, ezeri muzin egin barik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!