Iurretako CAF Transport Engineering taldeko kadete eta gazteek podiumaren koskarik gorena dute helburu Larrabetzuko lasterketan. Era berean, Ainara Sanz-Vaz Euskal Challengeko lidertza eskuratzen saiatuko da.
Domekan, Txorierriko VI. Sari Nagusia jokatuko dute Larrabetzun eta gazte mailetako Bizkaiko txapelak egongo dira jokoan. Iurretako CAF Transport Engineering taldeak hautagai sendoak ditu mailaz maila. Kadeteetan Amaia Leon irabazteko faboritoen artean dago. Gazte mailan talde indartsua eramango dute eta Ziortza Isasi, Olatz Agorria zein Arantza Villa irabazteko borrokan egongo dira. Era berean, Ainara Sanz-Vaz taldekide arabarrak Euskal Challenge-aren lidertza eskuratzeko aukerak ditu.
Bestalde, apirilaren 21ean, Frantziako Kopako lasterketa baten parte hartzeko gonbita onartu du Iurretako taldeak. Les petites reines de Sauternes izeneko proba Bordeletik gertu izango da, Langon herrian. Nazioarteko txrrindulariekin lehiatuz esperientzia batzea izango dute helburu.
Mutilen kadete mailako lasterketek ere ez dute atsedenik izango asteburuan. Zapatuko Andikona Sarian 125 bat txirrindulari batuko dira Otxandio inguruan antolatu duten zirkuituan. Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Kantabriako lehenengo mailako kadeteak batuko dira 16:30ean, Mainerrota kaleko irteera puntuan.Lasterketak 43,2 kilometro ditu. Lasterketako lehenengo metroak herrigunean egingo dituzte: Mainerrota, Udaletxeko kalea eta Artekale. Ondoren,Gomilaz, Ubidea eta Zubizabaletik zehar diseinatutako zirkuituari itzuli bi emango dizkiete. Aurten bigarren bider antolatu dute txapelketa.
Bizkaia-Durango talderik indartsuenarekin
Larrabetzuko lasterketan Bizkaia-Durango taldeak ere parte hartuko du nagusien mailan. Bizkaiko txapelketa irabazteko ez dute bizkaitarra den hautagai sendorik, baina lasterketa bera irabazteko aukera handiak dituzte talderik indartsuenarekin joango direlako: Anna Sanchiz valentziarra, Joanne Hogan australiarra eta Ane Santesteban eta Dorleta Eskamendi oreretarrak (Errenteria, Gipuzkoa). Lourdes Oiarbide ere irabazteko hautagaien artean dago. Oiarbidek aurten lehenengo urtea du nagusietan. Gazte mailan erlojupeko Espainiako txapelduna izandakoa da.
Bestalde, apirilaren 17an Munduko Koparako puntuagarria den Flecha-Valona klasikan ere parte hartuko du Bizkaia-Durango txirrindulari taldeak.