Durangaldeko taldeak irabazi zuen bertsolari gazteen XXI. BBK sariketa, bariku gauean Bilboko Kafe Antzokian eginiko finalean. Finala ehunka lagunek bertatik bertara jarraitu zuten. Gehienak Durango eta Algortatik etorritako ikasle gazteak ziren eta txalo eta babes-oihu artean animatu zituzten beraien taldeak.
412 puntu jaso ditu Durangaldeko Garoa Angiozarrek, Iruri Altzerrekak, Txaber Altubek, Aitor Bizakarrak, Ander Gerrikaetxebarriak eta Ane Alegriak osatutako taldeak. 18 urte artekoen atalean berriz Ipar Uribek aurre hartu dio Durangaldeari.
BBK-k, Bizkaiko bertsozale Elkartearekin eta Bizkaiko Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatzen du lehiaketa hau. Zazpi taldetan, Bizkaiko beste hainbeste eskualdetako 45 bertsolari gaztek parte hartu dute BBK sariketaren XXI. edizioan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, "azpimarratzekoa izan da hamalau bertsolari lehen aldiz igo dira oholtzara era honetako lehiaketa batean aritzeko. Datu honek erakusten du harrobi indartsua izan badela Bizkaiko bertsolari gazteen artean. Izan ere, finalera iritsi diren bi eskualdeek, Durangaldeak eta Ipar Uribek, bertsolaritzan ibilbide oparoa egin dute dagoeneko, hein handi batean beraien bertso eskolek emandako bultzada garrantzitsuari esker. Eskola hauetan hazi eta hezitakoak dira, besteak beste, Igor ELortza, Unai Iturriaga edo Miren Amuriza bertsolariak, Durangaldeari dagokionez. Algortako bertso eskolan, aldiz, Fredy eta Xabi Paya, Jone Uria, edota Arrate Illaro dira ezagunenetakoak. Bertsolariok laguntza osoa eman diete finalera iritsi diren gazteei, eta, zenbaitzu, finalean ere izan dira ikusle.