Trumoi eguraldi txarra ekartzen duen pertsonaia da udalekuen etsaia. Olgetan udalekuetako maskota bahitu du. Baina lasai! Zurrunbilo, Orlegi, Masustra, Eguzkilore eta Ostadar superheroiek Olgetan askatuko dute. Berbaroko udalekuak iragartzeko bideoan ageri dira pertsonaia horiek guztiak. Uda sasoiko plana prest daukate Berbaron.
Aste Santu aurretxoan gaude, eta zuek udako plana prest...
Oihane Barrutia: Jendea ere geroago eta arinago hasten da oporrak pentsatzen! Urtarril eta otsailean jendea udalekuez galdezka hasten da, beraz, gu ere arin hasi behar prestatzen...
Aurten superheroi eta guzti!
Gorka Madrazo: Udalekuak datozela iragartzeko bideorako ideia hori otu, eta kristoren barreak egin genituen! Bazkideen seme-alaba batzuk etorri ziren aktore lanak egitera, eta oso ondo pasatu genuen. Superheroi bakoitzak zaletasun bat dauka, eta gai horiek landuko ditugu udalekuetan. Adibidez, Zurrunbilori uretako ekintzak eta kirolak gustatzen zaizkio, eta aste batean horren inguruan ibiliko gara. Irteera bat dago aste bakoitzean eta kasu honetan, Oriora joango gara.
Superheroiak Trumoiren kontra borrokatzen dira bideoan.
G. M.: Bai. Trumoi udalekuen etsaia, eguraldi txarra erakartzen duen pertsonaia da, eta Olgetan maskota bahitu du.
Udalekuetarako motxilan arropa, zapatila eta txankletez gain, beste zer behar dute?
G. M.: Giro euskaldun batean ondo pasatzeko gogoa. Natura, kirola, birziklapena, euskal kultura, nekazaritza... Gai asko landuko ditugu.
O. B.: Saiatzen gara herrian bertan ahalik eta ekintza gehien egiten. Iaz, adibidez, herri kirolak egin genituen kalean, altxorraren bila ibili ginen probak egiten hainbat lekutan. Instalazio batzuk dauzkagu txarra egiten duenean PlanB edukitzeko, baina Trumoi ez bada agertzen, gu saiatzen gara kanpora joaten.
Aurten bazkaltzeko aukera ere egongo da.
G. M.: Eskari handia zegoen, eta Plateruenagaz berba egin genuen. Arazo barik, gura duenak bazkaldu dezake.
Udaleku irekiez gainera, kanpamentuak dauzkazue. Bakoitzak zer dauka berezia?
O. B.: Udan Olgetanen aste bakoitzean zer edo zer desberdina lantzen denez, ideia asko lantzeko aukera ematen du. Aurten LHkoentzako kanpamentu bi sortu ditugu, iaz jendea kanpoan geratu zelako. Albeniz eta Mendigorriara joango gara. Ibiltarian, nagusienekin, Iparraldeko kostako ibilbidea errepikatuko dugu; duela urte bi egin genuen eta oso polita da.
Txikitan udalekuetan ibilitakoak zarete?Zelan gogoratzen dituzue?
G. M.: Zaldibarretik joaten nintzen, eta niretzako abentura bat zen. Horrenbeste egun barik, bost egunerako joaten ginen. Gogoratzen dut begiraleak azpilanetan ikusten nituela, eta pentsatzen nuen, “Zer prestatuko ote digute? Hau izango da beldur gaua? Nora goaz?”. Beti erakarri izan nau begirale munduak. O. B.: Lehenengo esperientziak dira guraso barik, lagun taldeagaz, eta emozio handiagaz bizitzen dituzu.
Zer esango zenioke egundo joan ez den bati?
G. M.: Bizi beharreko esperientzia bat dela. Eten bat egin eta mundu paralelo moduko batera zoaz. Abentura handia izaten da.