Abadiñoko Iketz eta Elorrioko San Eloy enpresetako beharginek manifestazioa deitu dute zapaturako. LAB eta ESK sindikatuek esan dute enpresa biak ixteko arrisku larrian daudela.
Arrisku larrian. Egoera horretan ei daude Iketz eta San Eloy enpresak eta bertako beharginak. LAB eta ESK sindikatuek azaldu dutenez, Iketzen apirilera arteko lana daukate, eta San Eloyn maiatzera artekoa. "210 langileren etorkizuna zalantzan dago", esan dute. 2012ko irailean enpresak konkurtso-prozeduran sartu ziren, eta orain arte egoerari buelta emateko egindako saiakerek ez dute emaitza onik eman. Ez dute inbertsorerik lortu eta bezeroak joaten dabiltza. Administrari konkurtsalak hartu-emanak eduki ditu hainbat bezerogaz, eta hauek ez die bermatu enpresa biekin edukitako konpromisoagaz jarraitzea. Gainera, Iketzen %33 inguruko fakturazioa ekartzen zuen bezeroak, Volkswagenek, ihes egin die.
Irailetik hona erosle posible bi agertu dira, sindikatuen arabera. Bat LEAX enpresa suediarra izan da; sindikatuek diotenez, zor guztia bere gain hartzea eta bazkide bakoitzari aparteko sari bat ematea eskatu diote Iketz eta San Eloyko bazkideek LEAX-i.
Beste erosle bat Jesús Esmorís enpresaria izan ei da. "Bazkideekin batera, enpresak horren egoera larrian egotearen arduradun zuzena da", esan dute sindikatuek. Hauek kritikatu dute, Esmorísek bezeroekin askatasun guztia eduki duela azken hilabeteetan, eta bere proiektua aurkeztegaz batera prezioak igoko zituela esan duela. "Hortik, Daimler eta Konsberg enpresek ez zutela San Eloy taldeagaz lanean jarraituko esan zuten". Esmorísi kontuak ez ei zitzaizkion ondo irten. "Langileen ordezkariekin akordioa ia adostua zegoenean, bezeroak galdu zituenez, joan egin zen".
Sindikatuek adierazi dutenez, bazkideak desagertuta daude: "Urteetan sortutako aberastasuna poltsikoratu eta, orain, duten erantzukizuna ez dute bere gain hartu; bezero berriak lortzen ere ez dira ahalegindu. Beraiek sortutako miseriak langileek irenstea gura dute".
Manifestazioa
Beharginek manifestazioa deitu dute zapaturako. Elorrion izango da, 18:00etan, plazan hasita. Baina, protesta eta batzarrak hasi dituzte dagoeneko. Atzo Eusko Jaurlaritzako Industria garapeneko zuzendariagaz batu ziren, eta bihar legebiltzarrera eroango dute euren ahotsa. Barruan EH Bilduren mozio bat aztertuko dute, eta kanpoan elkarretaratzea egingo dute. Sindikatuek adierazi dute, Eusko Jaurlaritza ere egoeraren arduraduna dela, bazkidea delako. Antza denez, akzioen %18 dauka. "Azken urteetan, enpresaren gestio txarra txalotu eta 2010ean San Eloyri 1.300.000 euro eta Iketzi 600.000 euro eman zizkioten, diru horren erabilpenaren inongo kontrolik barik". 210 lanpostuak defendatu ditzala eskatu diote Jaurlaritzari.