Elorrio bolada onean eta Iurretako txarrean dagoen arren, “derbiak dena parekatzen” duela diote.
Erabat kontrako joerekin helduko dira asteburuko derbira Iurretako eta Elorrio (zapatuan, 16:00etan, Larrakozelain). Lehenengoa, bolada txarra pasatzen ari da, azken hamar partiduetan berdinketa bakarra lortuta. Elorriok, ostera, azken bost partiduetatik lau irabazi ditu. Hala eta guztiz ere, derbiak baditu indarrak parekatzeko ezaugarri batzuk. “Derbia derbia da”, dio Iurretakoko entrenatzaile Iker Ojedak, “eta jokalariak motibazioz beteta daude”. Elorrioko entrenatzaile Gontzal Arana ere ez da fidatzen: “Ez dut uste Iurretakokoei bolada txarrak eragingo dienik. Derbi batean, bataren eta bestearen egoerak ez du eragiten. Gu, behinik behin, oso motibatuta gaude”.
Iurretako denboraldiko unerik txarrenean dago. Talde laburra dute, eta justu-justu ailegatu dira ligako azken txanpara. Guztira, 14 jokalari dituzte, eta partidu batzuetara 11 edo 12gaz ere joan izan dira: “Batez ere, bigarren zatietan igartzen dugu. Ez da kalitate kontua. Jokalari onak dira denak, eta badakite jokatzen. Taldeagaz pozik nago”. Hutsune nagusietakoa atean dago. Atezain bakarra dute, eta ezin izan du hiru bat partidutara joan.
Ondorioz, taldeko goleatzaile nagusia den Deyanirak (13 gol) jokatuko du atezain. “Ondo moldatzen” dela dio Ojedak, baina normala den moduan, ez ditu atezain baten ezaugarriak. Elorrio ere atezain barik Iurretakok legez, Elorriok ere badaki zen den atezain barik egotea. Atezain bi dituzte, baina hainbat partidutan biak lesionatuta egon dira. Esate baterako, orain aste bi 6-1 galdu zuten Mungiaren aurka, eta partiduko zati bakoitzean zelaiko jokalari bik jantzi behar izan zituzten eskularruak euren atea defendatzeko.
Elorrioren aurtengo beste ezaugarri bat da 21 partidutan ez dutela bakar bat berdindu: 13 irabazi eta 8 galdu dituzte. Derbirako ez dute ezusteko bajarik. Orain lau hile tibia eta peronea apurtu zituen eta orain hile bat lotailu-haustura izan zuen jokalari bana kenduta, gainerako 18ak jokatzeko prest daude.