Errekor eta dominak beteranoen Espainiako txapelketan

Anboto 2013ko mar. 4a, 12:59

Zaragozak pista estaliko Espainiako txapelketa hartu du asteburuan. Bidezabal eta Durango Kirol Klubeko atletek urrezko 12 domina batu zituzten

Zaragozak pista estaliko Espainiako txapelketa hartu du asteburuan. Bidezabal eta Durango Kirol Klubeko atletek urrezko 12 domina batu zituzten.

 

Bidezabal atletismo taldeari dagokionez, Salvador Casalek 1.500 eta 800 metrotan, eta, Emilia Paunicak 60 eta 200 metrotan urrezko bina domina irabazi zituzten nork bere adin tartean. Gainera, Paunicak Espainiako errekor berria ezarri zuen proba bietan. Ainhoa Insunza ere podiumeko koskarik altuenera igo zen salto hirukoitzean, 35 urtera arteko mailan.

 

Durango Kirol Klubari dagokionez,  Ana Saizek ere urrea jantzi zuen salto hirukoitzean, baina 45 urtera arteko kategorian. Horrez gainera, zilarrezko domina bi lortu zituen luzera jauzian eta 60 metrotan. Jose Luis Romero 400 eta 200 metrotan nagusitu zen, 65 urtera arteko mailan. Martxoaren 18tik 24ra  Donostian jokatuko den beteranoen Europako txapelketa buruan,  indarrak neurtuz jardun zuen Romerok. Azpimarratzeko moduko sasoia erakutsi zuen Florentino Martinek 80 urtera arteko mailan. Bost probatan parte hartu eta 200, 800 eta 1.500 metrotan urrea eskuratu zuen, eta, 60 metrotan bigarren sailkatu zen. Azkenik, Begoña Martinezek 60 metro hesietan lortu zuen urrezko domina.

 

 

 

Garcia Europako txapelketera

Asteburuan Espainiako ibilketa-proba txapelketa ere jokatu dute eta Bidezabaleko Laura Garciak promesen kategoria irabazi du. Ondorioz, Europako ibilketa-proba koparako sailkatu da.

 

Azkenik, jubenilen Espainiako atletismo txapelketan (pista estalian) Gonzalo Santamariak brontzea eskuratu zuen pertika jauzian eta Abadiñon jokatutako eskolarteko kros txapelketan zilarra kolkoratu du Olaia Lekunberrik. Biak Bidezabaleko atletak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!