Durangon kantatuko dute martxoaren 12an, Durangaldekoek eta Arratiakoek.
Zazpi talde lehiatuko dira aurten, BBKren Bertsolari Gazteen XXI. sariketan. Bizkaiko zazpi eskualdetako 50 bertsolari gaztek jardungo dute: Arratia, Bilbo, Busturialdea, Lea Artibai, Enkarterri, Ipar Uribe eta Durangaldeko bertsolari gazteek. Taldeko seina bertsolarik jardungo dute: hiru, 18 urtera artekoak, eta beste hirurak, 18 eta 24 urte bitartekoak.
Asteon hasi da Bertsolari Gazteen XXI. BBK sariketa: Igorreko Lasarte aretoan jokatu dute saioa Arratiako eta Busturialdeko taldeek, eta Arratiakoak batu du puntuaziorik altuena.
Durangaldeko taldeak irabazi zuen iaz sariketa hau, eta horregatik, zuzenean sailkatu da aurten, finalerdietarako. Durangoko Institutuan izango da, martxoaren 12an, txapelketa honetako finalaurre bietako bat, eta Durangaldeko eta Arratiako bertsolariak jardungo dute oholtzatik. Martxoaren 22an, Bilboko kafe antzokian jokatuko dute finala, 19:00etan hasita. Txapeldunak 1.260 euroko saria jasoko du; 900 eurokoa izango da bigarrena, eta 140 eurokoa bizkaiera onena erabiltzen duenarentzako saria.