Boiseko ikastolako umeekin Sanblasetako opilak egin ditu duela gutxi Irune Sanchez irakasle berriztarrak. Gustura dabil Boisen: euskal kultura modu berezian bizi duten ingurune horretan bere saltsan bizi dela dio.Euskal kultura mantentzeko asmoagaz sortu zuten duela hamabost urte Boiseko ikastola. Hiru eta sei urte bitarteko umeak joaten dira bertara, eta euren irakasleetako bat da Irune. 8.000 kilometro baino gehiago daude Berriztik Boisera, baina galderak azkar batean erantzun ditu teknologia berriei esker.
Zelako bizimodua daroazu Boisen?
Nahiz eta Boise hiriburu bat izan, ez da AEBetako beste hiriak bezalakoa. Herri txikiago baten xarma dauka. Aste barruan lan egiten dut arratsaldeko laurak arte, eta gero palan ibiltzen gara astean behin; beste egun batean, Euskal Museoan ematen ditut eskolak, pisukideekin paseatzera joaten naiz, trago batzuk hartzera...
Duela lau urte bertan egon zinen, eta errepikatzea erabaki duzu.
Bai, 2008an etorri eta hamabost hilabete eman nituen bertan. Gero Londresera joan nintzen, eta 2012an Euskal Museotik galdetu zidaten ea bueltatuko nintzatekeen, eta hemen nago berriro. Hemengo lagunek esaten didaten moduan, ni euskal-amerikar bat gehiago nahiz, nire saltsan nago eta inguruko euskaldun gehienak ezagutzen ditut.
Zelakoa da bertako ikastola?
Izena Ikastola da, baina berez, haurreskola baten modukoa da. Hiru eta sei urte bitarteko umeak dauzkagu. guraso euskaldun batzuek euren umeak elkarregaz egoteko eta euskal kultura mantentzeko sortu zuten 1998an. Orain, 21 ume ditugu, eta gela bitan banatuta daude.
‘Miss Irune’ deitzen dizute?
Ez! Euskaldunak ez diren umeen guraso batzuk bai, Miss Irune, baina bestela Irune edo txikienek Teacher.
Zelan bizi dute euskara bertako gurasoek eta umeek?
Aurtengo taldea eta orain dela urte batzuetakoa oso ezberdina da. Beste taldeak euskaraz egiten zuen gehiena, etxean euskaraz hitz egiten zieten gurasoak zituztelako. Aurtengo taldean lau umeren gurasoek badakite euskaraz, baina ez daukate erraztasun handirik umeekin euskaraz hitz egiteko, eta ez da erraza. Saiatzen naiz, baina beraien artean ez dute asko egiten,... Eman, hartu, kontuz, ez egin korrika, eta horrelako batzuk erabiltzen dituzte.
Diasporako jendea euren zuztarrekin harro egoten dela esaten da. Halakorik igarri duzu?
Hemengo lagunei galdetuz gero, inork ez du esango amerikanoak bakarrik direnik; euskal- amerikanoak dira. Denek dakite beraien familia nondik datorren eta zeintzuk diren inguruko herriak. Gero, beti dauzkate lauburuak zintzilik edo Euskal Herriarekin zerikusia daukaten tatuajeak. Umeei izen euskaldunak ipintzen dizkiete, eta abizen euskalduna galdu badute, askok umeen bigarren izena bezala jartzen diete, adibidez, Parker Arana Anderson edota McKenna Kattalin... Hemengo euskaldunek Euskal Herriko askok baino gehiago sentitzen dituzte beraien sustraiak eta gehiago borrokatzen dira beraien hizkuntzari eta ohiturei eusteko.
Euskal kulturari buruzko gauza asko irakatsiko dituzue.
Orain dela gutxi danborrada ospatu genuen ikastolan. Gero, Santa Ageda ere egin genuen eta gurasoentzako San Blas opilak prestatu genituen. Datorren astean, pixka bat berandu, baina Lantzeko inauteria egingo dugu, eta gurasoentzako abesti batzuk abestuko ditugu.
Aurten Korrika ere prestatuko duzue.
Bai! Ikastolako umeak, gurasoak eta Boiseko hainbat lagun batuko gara Euskal Etxean. Aurreko urtean 200 lagun inguru batu ziren. Korrika egin, eta gero taloak jango ditugu Euskal Etxean. Nagusiok 15$ ordainduko ditugu eta hemengo neska batzuk Euskal Herrira bidaltzeko erabiliko da diru hori, euskara hobetu eta gero hemen irakatsi dezaten.
Londresen ere egona zara. Euskal Herritik kanpo joateko irrika izan duzu beti?
Bai... Gaztetan irten nintzen eta orain, nahiz eta nire herrimin hori gero eta handiagoa izan, ez da erraza bueltatzea. Beti pentsatzen dut Euskal Herrira bueltan joateko denbora izango dudala, eta orain loturarik ez daukadan honetan, ahalik eta gauza gehien ikusi nahi dut.
Urte amaierara arte egongo zara Boisen. Gogoagaz geratu zarela sumatzen duzu?
Bai... nire eskuetan balego, beste urte pare bat egingo nituzke hemen!!