Europako talderik zaharrenaren birjaiotza

Anboto 2013ko ots. 19a, 14:16

Gaur eguerdian Cafes Baque-Conservas Campos txirrindulari taldea aurkeztu dute Kurutziaga Hotelean. 35 urtez segidan egongo da errepidean. Europa osoan hori esan dezakeen talde bakarra da. Egitura goitik behera aldatu dute denboraldi berriari aurre egiteko.

Gaur eguerdian Cafes Baque-Conservas Campos txirrindulari taldea aurkeztu dute Kurutziaga Hotelean. 35 urtez segidan egongo da errepidean. Europa osoan hori esan dezakeen talde bakarra da. Egitura goitik behera aldatu dute denboraldi berriari aurre egiteko.

 

Cafes Baque-Conservas Campos taldearen gaurko aurkezpen ofizialean Europako talderik zaharrena direla azpimarratu dute: 1978ko martxoren 17an sortu zen. Beraz, aurten 35. biderrez egongo da errepidean. Denboraldi berriari begira, hutsetik hasi dira. Birjaiotza baten antzekoa izango da. Taldea goitik behera aldatu dute: talde teknikoa, txirrindulariak, egitura… dena.

 

Alde batetik, Leioa, Berango eta Erandioren artean sortutako Elkar Kirolak-en parte izango da talde berria eta Berangon  izango du egoitza ofiziala. Elkarte horrek gazte eta kadete mailako txirrindulari taldeak ere sortu ditu. Beraz, harrobiak berebiziko garrantzia hartuko du proiektu berri honetan. Bestetik, izen berriz beteta aurkeztu dute talde nagusia. David Etxebarria txirrindulari ohia da zuzendaria eta Ruben Gorospe bigarrena (iaz Gorospe izan zen zuzendaria). Txirrindulariei dagokoenez, ia denak berriak dira. Talde osatzen duten 13 txirrindularietatik bat Durangaldekoa da: Paul Usabel atxondarra  (1991an jaioa). Orain arte pistan aritu da batez ere, baina aurrerantzean errepidean zentratuko da: “Taldeari laguntzen saiatuko naiz eta ahal dudanetan aurrean ibiltzen. Bizikleta gainean gozatzea gura dut”, adierazi du Usabelek. Aurten maiatzaren 8tik 12ra jokatuko den Bidasoako Itzulia begiz jota duela dio eta hitzordu horretara sasoi betean heltzen saiatuko da.

 

David Etxebarriak azaldu duenez, pentsakeran ere aldaketa eman gura du taldean: “Berba bat buruan txertatu dezatela nahi dugu: Garaipena. Pentsakera hori izan barik gatxa da emaitzak lortzea. Ez dugu beldurrik izan behar berba hori aipatzeko”. Urterik urtera garatzen eta sendotzen joan gura duten taldea ere badirela adierazi du.

 

 

Asteburuan lehenengo lasterketa

Asteburuan Soraluzeko lasterketa lehiatuko dute, Lehendakari Txapelketarako puntuagarria izango dena. Nahiko ibilbide gorabeheratsua da eta Mario Gonzalez kantabriarra izando da Cafes Baque-Conservas Campos taldearen arma nagusia. Antonio Angulo, Iñigo Ojeda eta Sebastian Mascaró ere irabazteko borrokan ibiliko dira.

 

TALDE TEKNIKOA

  • Zuzendaria: David Etxebarria
  • Prestatzaile fisikoa: Xabier Artetxe
  • Prestatzaile biomekanikoa: David Herrero
  • Mekanikoa: Roberto Lopez
  • Masajista: Josu Boto
  • Gazteen taldeko zuzendaria: Mikel Pradera
  • Gazteen taldeko bigarrena: Kepa Ibargurengoitia
  • Kadeteen taldeko zuzendaria: Ander Aguinako
  • Kadeteen taldeko bigarrena: Unai Nieto

 

TXIRRINDULARIAK

  • Paul Usabel (Atxondo, Bizkaia, 1991)
  • Antonio Angulo (Los Guindales, El Llano, 1992)
  • Eduardo Armengol (Logroño, Errioxa, 1993)
  • Julian Barrientos (Argentina, 1994)
  • Jonathan Bilbao (Mungia, Bizkaia, 1994)
  • Alex Garcia (Berango, Bizkaia, 1992)
  •  Peio Goikoetxea (Ermua, Bizkaia, 1992)
  • Xabier Goikoetxea (Ermua, Bizkaia, 1994)
  • Jose Manuel Gonzalez (Torrelavega, Kantabria, 1991)
  • Mario Gonzalez (Torrelavega, Kantabria, 1992)
  • Sebastian Mascaró (Campos, Mallorka, 1991)
  • Iñigo Ojeda (Uruñuela, Errioxa, 1991)
  • Mariano Rodriguez (Argentina, 1993)

 

 

 

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!