Durangoko Kirol Klubeko markinarrak lehenengoz parte hartu du distantzia horretan eta txapela jantzi du jubenil mailan.
Asteburuan Gasteizen Euskal Herriko martxa txapelketa jokatu zuten. Jubeniletan erronka handiari aurre egin zion Nahia Ibarzabalek (Durango Kirol Kluba). Ordura arte, 5.000 metroan zuen muga. Ibilketan hori baino distantzia handiagorik egin barik zegoen txapelketa ofizialetan. Gasteizen lehenengo bider 10.000 metroei aurre egin zien eta Euskal Herriko txapeldun geratzea lortu zuen jubeniletan. Enara Ibarra bilbotarra izan zuen areriorik handiena lehenengo erdian. Ibarra atzean utzi ostean, bakarrean osatu zuen lasterketaren bigarren erdia. 1.07.28ko denbora erabili zuen 10 kilometroak osatzeko.
Nagusietan, gizonen 20 kilometroko ibilketan, zilarra irabazi zuen Bidezabal taldeko Javier Santiagok (1.51.13).
Gazteizen iraupen lasterketak ere jokatu ziren eta kadeteetan (1.000 metroan) bigarren amaitu zuen Bidezabalgo Alejandro Bilbaok (3.08.47).
Jaurtiketa luzeko txapelketa
Joan zen asteburuan atletismoko beste hitzordu nagusia Bilbon izan zen, jaurtiketa luzeko Euskadiko txapelketan. Xabalina jaurtiketan Bidezabal taldeko hainbat kirolari nabarmendu ziren. Leire Gorritxategik gazte mailako (500 gramotan) jaurtiketarik luzeena egin zuen: 43.22. Seniorretan eta 600 gramotan, bigarren sailkatu zen Arantza Moreno: 46.09.
Disko jaurtiketan (2 kilo) oso erregular aritu zen Asier Zarandona. Ez zuen jaurtiketa batean ere nulorik egin eta bere jaurtiketarik onena 45.61ean ezarri zuen. Zarandonak barra jaurtiketan ere parte hartu zuen eta hirugarren sailkatu zen: 33.57.
Azkenik, Iratxe Olazabalek mailu jaurtiketako (4 kilo) hirugarren postu eskuratu zuen: 45.62