Durangaldeko Maketa Lehiaketa ipini dute lau udalek martxan

Anboto 2013ko ots. 7a, 15:02

Gaur hasita, martxoaren 8ra arteko epea izango dute Durangaldeko musikariek euren kantak lehiaketara bidaltzeko. Parte hartzeko, Internetez bidali ahal izango dituzte lanak, \'maketa.udalgaztedi@gmail.com\' helbidera

Gaur hasita, martxoaren 8ra arteko epea izango dute Durangaldeko musikariek euren kantak lehiaketara bidaltzeko. Parte hartzeko, Internetez bidali ahal izango dituzte lanak, maketa.udalgaztedi@gmail.com helbidera.

 

Martxoaren 8rako jasotzen dituzten proposamen guztietatik bederatzi aukeratuko ditu epaimahai batek, eta horien artean banatuko dituzte Durangaldeko I. Maketa Lehiaketaren sariak: 1.800 eurokoa lehenengoari, eta 500ekoa euskarazko kanturik onenari. 

 

Bizkaiko Aldundiaren Gaztedi Planean parte hartzen duten Iurreta, Durango, Abadiño eta Zornotzako udalek elkarlanean abiatu dute Durangaldeko lehenengo maketa lehiaketa.

 

Honako baldintzak ipini dituzte lehiaketan parte hartzeko: gutxienez, taldekideen erdia izan behar da 18 eta 35 urte bitartekoa eta Gaztedi Planean dauden Durangaldeko udalerriren batean erroldatutakoa. Aurretik diskoa grabatu duten taldeek ezingo dute parte hartu.

 

Aurkezpenean azaldu dutenez, musika adituek osaturiko epaimahaiak aukeratzen dituen bederatzi taldeek kontzertuak eskainiko dituzte Durango, Abadiño eta Zornotzako aretoetan, eta Durangoko Plateruenean kontzertua eskaintzeko aukera izango du lehiaketaren irabazleak.

 

Gazteak “euren taldeen kantak bidali eta kontzertu horietara etortzera” gonbidatu dituzte lau udaletako ordezkariek, Ibarretxe kultur etxeko aurkezpenean.

 

Parte hartu gura duten musika taldeek, lau udal horietako webguneetan deskargatu daitekeen inskripzio orria bete, eta taldearen hiru kantagaz batera bidali beharko dute, martxoaren 8rako, maketa.udalgaztedi@gmail.com-era.

 

Lehiaketari buruzko informazio zabalagoa, Abadiño, Iurreta, Durango eta Zornotzako gazte sailetara deituta edo udalgaztedi@gmail.com helbidera idatzita eskuratu dezakete interesdunek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!