Domekan Kros Luzeko Euskadiko Txapelketa jokatuko dute Amorebieta-Etxanon. Emakumeetan Bidezabaleko Belit Solar eta Iraia Garcia dira irabazteko faborito. Gizonetan Durango Kirol Klubeko David Garciak podiumean sartzea du helburu.
Durangaldeak uzta oparoa batuko du kros luzeko txapelketan. Azken hileetan parte hartu duten txapelketa bakoitzean Bidezabalek eta Durango Kirol Klubak lortutako domina kopuruek horixe iragartzen dute. Lehenengoek emakumeetan eta bigarrenek gizonetan talde indartsuak dituzte. Horrez gainera, batzuek zein besteek, gazte eta kadete mailetan sarritan nabarmentzen diren korrikalariak dituzte.
Emakumeen elite mailan, Bidezabaleko Iraia Garcia durangarra eta Belit Solar barakaldoarra dira irabazteko faborito nagusiak. Solarrek Kros Laburreko Euskadiko Txapelketa irabazi zuen joan zen asteburuan Ortuellan eta Iraia Garcia laugarren sailkatu zen. Baina orain hiru asteburu, Iraia Garciak Bizkaiko Kros Txapelketa irabazi zuen Abadiñon eta hirugarren sailkatu zen Solar. Ikusteko modukoa izango da Bidezabaleko atleta bien arteko lehia. Bide batez, taldekako sailkapena irabazteko aukera handiak dituzte.
Gizonetan, Durango Kirol Klubeko David Garcia da esperantza nagusia. Durangarrak bigarren sailkatzea du helburu. Izan ere, Iban Fernandez arabarra “aurten beste denok baino koska bat gorago” dabilela onartu du. Fernandezek Zornotza, Donostia eta Elgoibarko krosak irabazi ditu besteak beste aurtengo deboraldian eta, hori gutxi balitz, azken lau aldietan kros luzeko txapelketa berak irabazi du. Beraz, bera da Amorebieta-Etxanon podiumeko koskarik gorenera igotzeko faborito nagusia. Beste postu bietako bat lortzeko Garciak Eneko Agirrezabal (Txindoki A.T.) eta Aingeru Gutierrez-cabello (Real Sociedad) izango ditu arerio nagusiak. Ortuellan, kros laburreko txapelketan (4 kilometro), aurretik geratu zitzaizkion biak, baina Garcia hobeto moldatzen da distantzia luzeetan. Gainera, euriak zirkuitua lokaztu egin dezake eta hori ere ondo datorkio Garciaren dohaiei.
Gazte mailak
Gazteen mailan eta nesketan, txapelak Durangaldera etorri behar luke. Okerrik ezean, Bidezabaleko Garazi Lekunberri eta Leire Santamaria, eta, Durango Kirol Klubeko Izaro Telleriaren artean dago aurreneko postua.
Nesken kadeteetan Bidezabaleko Naroa Martinez (faborito nagusia), Ines Pinaga eta Alejandra de Pablo aurrean ibiliko dira. Mutilen kadeteetan Alejandro Bilbaok (Bidezabal) ere irabazteko lehiatuko du.
Azkenik, junior mailan Durango Kirol Klubeko Olatz eta Nerea Agirrebeitia bikiak taldekako sailkapenean bigarren postuan geratzeko borroka egingo dute.