Surfzaleen jaialdia hartuko du Plateruenak zapatuan

Anboto 2013ko urt. 31a, 08:26

Dokumentalak, artistak, artisauak... Surfa bere ertz guztietatik ezagutzeko aukera eskainiko du Durangoko III. Surf Jaialdiak

Dokumentalak, artistak, artisauak... Surfa bere ertz guztietatik ezagutzeko aukera eskainiko du Durangoko III. Surf Jaialdiak

 

Surfa olatu gaineko dantza baino gehiago da. Kultura oso bat garatu du bere inguruan, besteak beste, artean, musikan, ikus-entzunekoetan edo artisautzan mamitu dena. Bihar Durangoko III. Surf Jaialdiak surfzaleen bilgune bihurtu gura du, baina surfaren baitako ertz artistiko guzti horiek ere ezagutarazi gura ditu. Durangaldeko hainbat surfzaleen artean antolatu dute ekimena.

 

Eguna bitan zatitu dute. Goizean zehar kalera —eta itsasora— aterako dute jaia. Aurreko aldi bietan egin zuten moduan, 09:00etan Lagako hondartzan batuko dira surfeatzeko. Inauteriak bertan daudenez (otsailaren 12an), mozorrotuta joateko deia egin dute.

 

Itsasoko olatuei errepasoa eman ondoren, 13:00 aldera, Durangora itzuliko dira. Bazkalordura arteko denbora Goienkalen emango dute, musikagaz lagundutako poteoan.

 

Goienkalen batutako alaitasun guztia, Plateruena kafe antzokian kontzentratuko dute arratsaldean. 15:00etan bazkaritara batuko dira. Joseba Attard jaialdiko antolatzaileetako baten esanetan, “iaz 60 lagun batu ginen bazkaritara eta giro oso ona egon zen; aurten beste hainbeste gertatzea espero dugu”. Bazkaritarako sarrerak Plateruenean daude salgai 22 eurotan (bazkaria eta kamiseta). Internet bidez ere eskuratu daitezke www.plateruenasarrerak.eu gunean.

 

 

Surfaren artisauak

17:00etatik iluntzera, surfaren inguruko azoka txikia bihurtuko da Plateruena. Alde batetik, surferako materialen artisauak zuzenean lanean ikusteko aukera egongo da, euren produkturik onenak erakusten dituzten bitartean. Esaterako, Salvador Artaza bilbotarra surflariaren olatu gaineko oreka hobetzen laguntzen duen ‘hand plane’ deituriko egurrezko osagarria egiten arituko da. Jupa Soler bakioztarrak surfaren inguruko artisau moduan definitzen du bere burua eta surf taula baten sorkuntza prozesua erakutsiko du Plateruenean.

 

Espresio artistikoak ez dira materialgintzara bakarrik mugatuko. Poesiak eta irudigintzak ere izango dute bere tokia. Ruben Santoja gazte santurtziarrak, itsasoari eta surfari lotutako irudi bat sortuko du zuzenean eta Luis Tejerinak eta Unai Azkunek orduerdiko poesia errezitaldia eskainiko dute.

 

Jaialdiari amaiera emateko, 21:00 inguruan, Steepers taldearen kontzertua egongo da (sarrera doakoa da).

 

 

Nathan Oldfield-en lan berria erakutsiko dute

Nathan Oldfield surflari eta zinemagile australiar bat da, surfaren alorrean egindako dokumental eta lanengatik ezaguna. Bere lan berriena The Heart & The Sea deitzen da eta surflarien bizimodua islatzen du; familiagaz, lagunekin zein itsasogaz duten hartuemana.

 

Oldfield-en aitita euskalduna zen eta horregatik Euskal Herriko itsasertzak ere bisitatu zituen lan hau osatzeko. Dokumentala ingelesez dago, baina Xabi Irure zarauztarrari esker, euskarazko azpitituluekin emango dute.

  

Horrez gainera, Arkaitz Garita berriztarrak long boardaren gainean Muniketa mendatea ziztu batean zelan jaitsi zuen islatzen duen bideoa erakutsiko du. Zutundu Surf eta SUP eskolakoek, aldiz, iaz Irlandagaz egindako truke programan bizitako bizipenak batu dituzte bideo lan bitan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!