Hogei artista gazteren lana saritu dute ikusentzunezko arteen lehiaketan. Durangaldekoak sarituetako bi.
Hogei artista gazteren lana saritu dute Injuve sarien Arte bisualen 20. edizioan. Ehundaka artistek aurkeztu dituzte euren lanak lehiaketara, eta Durangaldekoak dira sarituetako bi: Ander Lauzirika iurretarra, eta Karlos Martinez durangarra.
Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren barneko Gazteen Injuve Institutuak antolatzen du sariketa hori, eta 30 urtetik beherako artistei dago zuzenduta.
Gazteen sorkuntza bultzatzea eta euren obraren zabalkundean laguntzea du Injuve lehiaketak helburu. Horrela, abendutik joan zen domekara arte Madrilgo Tabacalera aretoko erakusketan egon dira hautaturiko lanak, eta Hego Ameriketara eroango dute erakusketa orain.
Karlos Martínezek 2009. urtean egindako Oiz dokumentazio lana da lehiaketan aukeratu dutenetariko bat. Duela 28 urte Oiz mendian gertaturiko hegazkin istripuari buruzko lana da Martinezena: garaiko informazioa eta argazkiak, gaur egungoak, etab. biltzen ditu. Egilearen berbetan, historiaren parte hori berregiteko saiakera da lan horretakoa. "Bere garaiagaz konprometituriko artista da Martinez, historian eta memorian interesa daukana", dio erakusketaren txostenak.
Jorge Núñez de la Visitación santurtziarrak eta Ander Lauzirika iurretarrak 2010ean zuzenduriko Cabudanni ere aukeratu dute lehiaketan. Sortzaile biek asmaturiko hizkuntza batean diharduen lagun talde bat da protagonista, teknologiaren kontrako atentatu bat planifikatzen dabilena.
"Oso pozgarria da duela urte bi egindako lan batek denbora pasata saria jasotzea", dio Lauzirikak. Orain arteko bidetik lan egiten jarraitzeko bultzada da Lauzirikarentzat saria: "Barnetik ateratzen zaidana egiten jarraitzekoa".