Zornotza Aretoan eskainiko du Markeliñek "sistemari autopsia" egiteko lana.
Antzezlanak pentsatu eta prestatzen dituen lekuan bertan, Zornotza Aretoan, estreinatuko du Markeliñe taldeak Makinista ikuskizun berria. Azaldu dutenez, orain arteko lanekin bezala, esperientzia plastiko eta eszenikoa eskainiko die Markeliñeren ikuskizun berriak ikusleei. 2011n sortu zuten Anomalía magnética kaleko antzezlanaren aretorako moldaketa da Makinista.
Gizateriaren jatorria ezagutzeari zein identitateari buruzko gogoetak biltzen ditu obrak. "Sistemari autopsia" egingo diote gaur gauean Zornotzako estreinaldian: bisturia hartu, eta "inguratzen gaituen ustel sentsazioaren jatorria ulertzen saiatuko gara", diote. Musika eta argiak ere bereziki landu dituzte.
Umeentzako asteburukoak
Durangaldean beste emanaldi bat ere izango du Zornotzako Markeliñe taldeak asteburuan. Urtarrilaren 20an, Hareazko ipuinak antzezlana eskainiko dute Durangoko San Agustinen 6 urtetik gorako umeentzat. Iaz sortu zuen Markeliñek haurren minbiziari buruz sentsibilitate handiz diharduen antzezlan hau: alaba gaixorik daukan aitaren paperean dihardu Jon Kepa Zumaldek.
Asteburu honetan baita, baina Elorrioko Arriolan, umeentzako sortutako Printzea eta ahatea eskainiko du Abadiñoko Gorakada taldeak. Domekan 17:00etan eskainiko dute Printzea eta ahatea, Arriolan.