"Oso esperientzia polita da Euskadiko selekzioagaz jokatzea"

Anboto 2012ko abe. 14a, 08:35

Taldekako edozein kiroletan Durangaldeko jokalari askok ordezkatzen dute Euskadiko selekzioa. Eloy Azpiri eta Joseba Pelaez areto futboleko adibide bi ditugu. Gazte mailako Euskadiko selekzioagaz aritu dira lehenengoz, eta hilaren 27tik 29ra Katalunian jokatuko den autonomien arteko txapelketara joango direnen zerrendan sartzeko aukerak dituzte

Taldekako edozein kiroletan Durangaldeko jokalari askok ordezkatzen dute Euskadiko selekzioa. Eloy Azpiri eta Joseba Pelaez areto futboleko adibide bi ditugu. Gazte mailako Euskadiko selekzioagaz aritu dira lehenengoz, eta hilaren 27tik 29ra Katalunian jokatuko den autonomien arteko txapelketara joango direnen zerrendan sartzeko aukerak dituzte.

 

Zelako esperientzia izan da Gazte mailako Euskadiko selekzioagaz aritzea?\"\"

Eloy Azpiri: Orain hilabetetik ona lauzpabost entrenamendu egin ditugu Euskadiko selekzioagaz. Lagunarteko partidu bat ere jokatu genuen Etxebarrin, senior mailako Kukuyaga taldearen aurka. Lehenengoz deitu digute selekzioagaz aritzeko, eta oso esperientzia polita da.

Joseba Pelaez: Bai, oso polita. Entrenamenduak, jokalari berriak ezagutzea… Dena izan da gogoratzeko modukoa.

 

Zelan joan zen lagunarteko partidua?

E.A.: Galdu egin genuen: 3-4. Partidu horretan minutu asko jokatu genituen, bai guk, bai denok. Izan ere, entrenatzaileak ez gaitu asko ezagutzen eta kantxan ikusi gura zuen zer eman genezakeen.

 

Zuen jardunagaz pozik geratu zineten?

E.A.: Bai, eta gol bat sartu nuen. Hala ere, beti geratzen da gehiago eman daitekeenaren sentzazio hori.

J.P.: Ni gustura nago nire errendimenduagaz. Beharbada jaurtiketa gehiago eta golen bat falta izan zitzaizkidan.

 

Noiz jakingo duzue Katalunian autonomien arteko txapelketarako hautatuak izan zareten ala ez?

E.A.: Seguruenik domeka goizean beste entrenamendu bat eta arratsaldean partidua izango ditugu. Esan digutenez, horren ostean emango dute Kataluniara joango direnen zerrenda.

 

Ikusi duzuenaren arabera, zer maila du gazteetan Euskadiko selekzioak?

J.P.: Maila ona du. Gu futboletik gatoz, baina gazte-gaztetatik areto futbolean dabiltzan jokalariak daude. Oinarri hori igartzen da selekzioan.

 

Zein izan daiteke Euskadiren helburua Katalunian?

J.P.: Euskadiren multzoan Aragoi, Kanaria Uharteak eta Katalunia daude. Esan digutenaren arabera, lehenengo biak irabazteko moduko partiduak dira. Katalunia beste kontu bat da. Harrobia asko zaintzen dute eta maila handiko jokalariak dituzte. Partidu horretan eurak dira faborito.

 

Biok futboletik zatozten jokalariak zarete, ezta?

J.P.: Ni Elorrio futbol taldean hasi nintzen. Handik Eibarreko kadeteen taldera joan nintzen. Urtebeteren ostean Elorriora bueltatu eta denboraldi biren ostean, Durangoko Kulturalera joan nintzen. Kulturaletik egin nuen areto futbolerako urratsa, Elorrioko Buskantzagaz. Gauza berriak probatzeagatik egin nuen, eta oraingoz pozik nago emaitzagaz.

E.A.: Orain hiru urte Berriz futbol taldetik Mallabiko areto futbol taldera joan nintzen. Lagun baten bitartez jokalariak behar zituztela jakin eta probatzea erabaki nuen. Gazteekin hasi nintzen, eta apurka nagusien taldean aukerak ematen zizkidaten. Orain nagusiekin dihardut.

 

Elorrioko Buskantzako gazteen taldea maila handian dabil.

J.P.: Talde denak dabiltza ondo. Guk zortzi partidu jokatu eta zazpi irabazi ditugu. Bestea berdindu egin dugu. Euskal ligan dabilen talde nagusia ere liderragaz puntuetara berdinduta dabil, igoerako borrokan.

E.A.: Emaitzak baino joko hobea izan dugu orain arte. Batzuetan zortea falta izan zaigu eta ate aurrean gehiago asmatzea. Hirugarren mailan talde onak daude, eta jokalari batzuek dirua kobratzen dute. Baina lehenengo urtea dugu maila horretan, eta mailari eustea dugu helburu.

 

Eloyren jokatzeko modutik zer azpimarratuko zenuke?

J.P.: Atzean ondo ixten ditu zulo denak. Aurrean erasora doana lasai egon daiteke, badakielako atzea ondo zainduta dagoela. Gainera, areto futboleko jokoak eskatzen duen teknika egokia dauka.

 

Eta zelakoa da Josebaren jokamoldea?

E.A.: Gazela bat bezain azkarra da, eta mugimendu onak ditu. Aurrean gatxa da igartzea zer darabilen buruan.

 

Areto futboletik zer erakartzen zaituzte?

J.P.: Baloiagaz etengabe zaudela kontaktuan. Partiduko ia jokaldi denetan heltzen zaizu baloia.

E.A.: Futbolean desberdina da. Baloia gutxitan heltzen zaizu, bost minutu egon zaitezke jokoan sartu barik. Areto futbola biziagoa da.

 

Zelan ikusten duzue areto futbolaren egoera?

J.P.: Elorrioko Buskantzari dagokionez, afizio aldetik ezin dugu kexatu. Jende asko joaten da gazteen zein nagusien partiduak ikustera. Estimatzekoa da, ze normalean jendeak ez dio hainbesteko jarraipenik egiten  areto futbolari. Nire ustez, areto futbola ez da baloratzen merezi beste.

E.A.: Guk Zaldibarren jokatzen dugu, eta ez da jende askorik joaten. Aukera aprobetxatuta dei egin nahi diet mallabitarrei gu animatzera joan daitezen. Egoera orokorrari buruz, ados nago Josebak esandakoagaz. Nire ustez ere, areto futbolak ez du merezi duen jarraipenik. Azken batean, ez futbolak bakarrik, guk ere herria ordezkatzen dugu etxean zein kanpoan jokatzen dugunean.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!