Zapatilla galdu eta podiumak ihes egin dio Agirrebeitiari

Anboto 2012ko abe. 4a, 09:44

Durango Kirol Klubeko Nerea Agirrebeitia atletak laugarren amaitu zuen Azpeitiako krosa.

Durango Kirol Klubeko Nerea Agirrebeitia atletak laugarren amaitu zuen Azpeitiako krosa.


Ibilbide lokaztuak batzuetan eman eta besteetan kendu egiten du. Nerea Agirrebeitia durangarrari kendu egin zion domekan, Azpeitiako krosean. Lasterketa osoan lehenengo hiruren artean ibili zen, baina azken txanpan zapatilla bat galdu eta aurreratu egin zuten. Azkenean, laugarren amaitu zuen krosa, podiumetik gertu.


Durango Kirol Klubeko beste hainbat emakume nabarmendu ziren Azpeitiako Ikasberri krosean.Nerearen ahizpa biki Olatzek bosgarren amaitu zuen junior kategorian.


Gazte mailan, Izaro Telleria markinarrak (Durango Kirol Kluba) Olatz Unanue ordiziarragaz batera egin zuen ia lasterketa osoa. Telleriak eraman zuen lasterketaren pisua eta Unanue atzean uzten saiatu zen. Ez zuen helburua lortu eta Unanuek azken esprintean gainditu zuen. Eider Gorrotxategik atzetik aurrerako bidea egin zuen eta kroseko bigarren zati indartsuaren ostean podiumetik gertu helmugaratu zen. Nora Narbaizak ere erritmo jarraia mantendu zuen lasterketa osoan eta lasterketa ona osatu zuen.


Azpeitiakoa denboraldiko lehenengo lasterketa izan zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!