Durangalde Racing Elkarteko lau pilotu Madrilgo rallyan ariko dira, asteburuan.
Durangalde Racing Elkarteak ordezkaritza zabala izango du Madrilgo rallyan. Durangoko eskuderiako lau pilotu lehiatuko dira gaur eta bihar Espainiako rally txapelketarako puntuagarria den lasterketan.
Xabier Lujua pilotu bilbotarrak eta Jesus Estradak Fiat Abarth Punto EVO baten barruan egingo dituzte ibilbideko 566 kilometroak (hamar tartetan banatuta). Lujua eta Estrada Euskadiko Rally Txapelketako txapeldunak dira.
Gorka Eizmendi eta Haritz Olasagasti binomioak ere izan du aurten zer ospatua. Fiat Abarth Punto EVO baten laguntzagaz, Abarth Punto EVO Kopa irabazi dute 2012an. Denboraldiak merezi duen moduko errematea ematen saiatuko dira Madrilen.
Garikoitz Lopez pilotua eta Gaizka Bengoa kopilotua Citroen Saxo VTSagaz ibiliko dira. Aurten Euskal Herri mailako Hankook Challenge-a irabazi dute, eta Madrilen beste erkidego batzuetako txapeldunekin neurtuko dituzte indarrak.
Azkenik, Iñigo Alustizak eta Alaitz Urkiolak BMW M3 bat gidatuko dute Gr.A.Legend Rally mailan. Maila hori 80ko hamarkadako autoei zuzenduta dago.
Aurten, hirugarren aldia egingo du Madrilgo Rallyak eta irteera puntua zein helmuga Jaramako zirkuituan egongo dira. Ehun parte hartzailetik gora lehiatuko dira.