'Publikoari gorroto' erakusteko hiru emanaldi Durangaldean

Anboto 2012ko aza. 9a, 09:00
Asteburuan, Zornotzan, Elorrion eta Durangon eskainiko dute Ander Lipusen azken lana

Asteburuan, Zornotzan, Elorrion eta Durangon eskainiko dute Ander Lipusen azken lana.

 

Durangaldeko hiru herritan eskainiko du Huts Teatroa taldeak Publikoari gorroto ekoizpen berria, asteburu honetan. Azaroaren 1ean Luhuson aurkeztu zuten lana, eta gaur, bihar eta etzi, Zornotzan, Elorrion eta Durangon izango dugu.

 

Xabier Mendigurenek 1985ean idatzi zuen antzezlanean oinarrituriko lana da Publikoari gorroto. Elkarrekin dihardute Ander Lipus aktoreak eta Manex Fuchs zuzendariak Publikoari gorroto-n, duela bi urte estreinatutako Errautsak lanean bezala.

 

“Aktorea eta zuzendaria, pertsona eta pertsonaia” dira, fitxan azaltzen dutenez, obra berriaren ardatzak, eta “norberak bere bizia eszenifikatzeko egiten duen indarrari” buruzkoa da. Antzerkiari buruzko lana baino,ekintza teatrala dela diote egileek, eta krudela zer den ikus eta entzun dezagun nahi dutela. “Euskal antzerki garaikidea poltsiko zulatuekin dabil, eta publikoa gose da”, diote Huts Teatrokoek. Mendigurenen “testuaren haragia gordin zerbitzera” datoz, horregatik.

 

Iñaki Ziarrusta eta Miren Tirapu aktoreek jardungo dute Ander Lipusegaz antzezlanean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!