Murgoitiok lidertza defendatuko du Elorrioko Superprestigio proban

Anboto 2012ko aza. 6a, 16:04
Domekan, Superprestigio Txapelketako laugarren proba jokatuko dute Elorrion. Gaur aurkeztu dute lasterketa Elorrioko udaletxean. Gizonetan Egoitz Murgoitiok borroka gogorra izango du Isaac Suarez, Aitor Hernandez eta enparauekin. Emakumeetan Rocio Gamonal asturiarra faborito argia da.

Domekan, Superprestigio Txapelketako laugarren proba jokatuko dute Elorrion. Gizonetan Egoitz Murgoitiok borroka gogorra izango du Isaac Suarez, Aitor Hernandez eta enparauekin. Emakumeetan Rocio Gamonal asturiarra faborito argia da.


Aurten 36. aldia egingo du Elorrioko ziklo-kros probak. Hasiera puntuan egongo diren 400 parte hartzaileak mailako banatuko dituzte. Lehenengo Master 40, 50 eta 60eko txirrindulariak lehiatuko dira; ondoren kadete, gazte eta junior mailakoak eta, azkenik, eliteak.

Urtero legez, San Jose inguruko landan prestatu dute 2,8 kilometroko zirkuitua. Euria egiten badu zirkuitua asko astundu daiteke. Bestela, ez da egutegiko ibilbiderik exigenteena: azkarra eta teknikoa dela adierazi du Joseba Gorostiza Elorrio Txirrindulari Elkarteko ordezkariak.


Superprestigio txapelketako lau lasterketa joan direnean, Egoitz Murgoitio abadiñarra (Hirumet taldea) lider dago. Joan zen asteburuan lasterketa bi izan zituen: Muskizkoa irabazi egin zuen eta Laudion bigarren amaitu zuen Aitor Hernandezen atzetik. Hernandezegaz batera Isaac Suarez, eta Javier Ruiz de Larrinaga izango ditu arerio nagusiak domekan. Ruiz de Larrinagak arazo fisikoak ditu eta baliteke ez etortzea. Elorrioko probaren ondoren, beste lasterketa bi (Itsasondon abenduaren 8an eta Kantabrian abenduaren 29an) geratuko dira txapelketa amaitzeko.


Emakumeetan Rocio Gamonal maila handian ari da. Euskaldunen artean, Olatz Odriozola gipuzkoarra izan daiteke gerrarik gehien eman diezaiokeena.


Gainerako mailetan Durangaldeko hainbat txirrindulari azpimarratu daitezke. 23 urtez azpikoan eta gizonetan Hirumet taldeko Pablo Lastra lider dago eta Ismael Barba madrildarra du arerio nagusia. Mutiletan, Aritz Hernandez elorriarra juniorretan, eta, Jon Munitxa abadiñarra eta Adrian Sainz durangarra gazteetan, aurrean ibili daitezke. Hirurak Beste Alde Orue Rent A Car taldeko txirrindulariak dira. Elorrioko Gaursa Renault taldeagaz dabilen Gontzal Garciaren lana ere hurretik jarraitzekoa izango da kadeteetan.


Nesketan, Arantza Dillo Iurretako Udala taldeagaz ibiliko da juniorretan.

 

 

ORDUTEGIA


- 09:00etan: Master 40, 50 eta 60

- 09:45ean: Master 30

- 10:30ean: Kadeteak nesketan eta mutiletan

- 11:00etik 11:15era: Aurreko proben sari banaketa

- 11:30ean: Juniorrak nesketan eta mutiletan. Emakumeen elitea eta 23 urtez azpikoak.

- 12:30ean: Gizonen elitea eta 23 urtez azpikoa

- 13:45ean:
Sari banaketa

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!