Ez nuen nahi, baina ez daukat beste erremediorik. Gaurkoan ere, krisia aipatu behar dut; bereziki horrek daukan eragina ikerkuntzan. Orotara, %34ko murrizketa aplikatu da ikerkuntza proiektuetan, eta horrek esan nahi du 2006ko egoerara egin dugula atzera.
Azken hilabeteetan zientzialari europar askok plazaratu dute murrizketa hauei buruz duten kontrako iritzia. Halaber, hainbat politikarik ere plazaratu dute haien ardura. Izan ere, guztiek azpimarratzen dute etorkizuneko ekonomia sortzeko nahitaezkoa dela zientzian inbertitzea. Eta argi geratu behar da inbertsio horretan zientzialarien soldata gutxienekoa dela. Nekez aurkituko ditugu izugarri aberatsak diren zientzialariak, beste profesioetan gertatzen den lez.
Zientzialarien lana estimatu ahal izateko, zientzia kultura eraiki behar dugu, baina aurkikuntza zientifikoak azaltzea ez da erraza kasu gehienetan. Adibidez, zientzialari talde batek urte osoa eman du elektroi baten bila material berri batean. Nire ikerketa-taldean gertatu da hori. Eta betiko lagunek galdetzen didatenean horrek zertarako balio duen, nik esango nieke Malloryk esan zuena galdetu ziotenean zergatik nahi zuen Himalaya mendia eskalatzea: hortxe dagoelako, hain zuzen ere. Baina, hori barik, isilean geratzen naiz gehienetan. Alpinista batengandik etorrita, hitz horiek erromantikoak dira, baina neuk botako banu, lagunik gabe geratuko nintzateke ziur, pedanteak ez dituztelako gustuko. Gizartearekin harreman zuzenagoa eraikitzeko zientzialariok ere esfortzu berezia egin beharko dugu, eta lehen urratsa izan daiteke bitxorraro konplexu hori gainditzea. Hobeto barneratuko dugu zientziarik gabe ez dagoela aurrera egiterik.