Elortza finalaurrekoetara, eta Lazkano ere bai seguruenik

Anboto 2012ko urr. 29a, 12:40

Igor Elortzak lehenengo egin du Sopelako kanporaketan, eta Gorka Lazkanok bigarren. Gauzak horrela, Elortza zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara (Durangon kantatuko du azaroaren 25ean) eta Lazkanok puntuazioagatik aukera handiak ditu

Igor Elortzak lehenengo egin du Sopelako kanporaketan, eta Gorka Lazkanok bigarren. Gauzak horrela, Elortza zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara (Durangon kantatuko du azaroaren 25ean) eta Lazkanok puntuazioagatik aukera handiak ditu. Elortzak poto bat ere egin zuen, baina orokorrean berak josi zituen bertsoak ondoen. Laugarren postuan amaitu zuen Garikoitz Sarriugarte zaldibartarrak. Hiru, lau eta bosgarren postuetako puntuazioa nahiko berdinduta egon dira; Nerea Ibarzabal markinarrak freskotasun handia erakutsi zuen.

 

Lazkano bidea zabaldu guran, Elortza egoeren deskribapena eta hitz jokoetan dotore, Sarriugarte orekatuta eta ideia polit batzuk botata... Txapelketako laugarren kanporaketan Durangaldeko hiru bertsolariek saio polita egin zuten, bakoitzak bere mailan. Seikoteko errebelazioa Nerea Ibarzabal izan zen, ofizioetan erantzun onekin jardun zuen.

 

Gizartearen marrak eta tatuajeak

"Drogak direla-eta erreabilitazio zentroan egon zarete luzaro. Itxi egingo dela jakin duzue gaur". Elortza eta Sarriugartek gai horri erantzun zioten zortziko nagusiko ariketan, eta orduantxe egin zuen poto Elortzak. Dena dela, ideia politak bota zituen, bigarren bertsokoa, esaterako: sasoi batean hamaika marra, sartuak gu kokazale / baina gizarteak jarten dauz marrak zentro hori da seinale / batzuk garaile izendatzen dauz, eta beste batzuk galtzaile". Barre gehien eragin zuen ariketa ere Elortzari tokatu zitzaion. Ekaitz Larrazabal "Katxo"ren bikote, elkarri maitasuna adierazteko elkarren izenak tatuatzea adostu zuten, baina Igor atzera botatzekotan zen. "Nahikoa tatuatzen dozu zure txupoiekin" lako irteerak bota zizkion Larrazabali.

 

Lazkano ofiziotan polito ibili zen umea negarrez eskolan uzten zuen gurasoaren paperetik, eta Sarriugartegaz jardun zuenean parapentean botatzeko zorian zeuden lagun bi ziren. Gorka atzeraka ikusita Garik zirikatu egin zuen, eta "begiak itxi eixuz pistinan moduan" lako kontsejuak eman zizkion. Azkenean salto egin, eta Lazkanok mesedez badaezpada itsaso aldera joateko eskatu zuen.

 

Kartzelan, faltan igartzen dutenari kantari

"Urteak dira beragaz ez zagozala. Hala ere, bere falta igartzen duzu". Bertsolaritzan maiz gertatzen da; kartzelakoak aukera bi ematen zituen: norbere azaletik kantatzea edo istorio bat asmatzeko aukera. Joseba Artzak Erasmusean joan eta bueltatu ez zen neskalagunari kantatu zion, Nerea Ibarzabalek, familia utzi eta bere berririk ez zeukan aitari. Saio osoko freskotasuna erakutsi zuen, adibidez, bertso bigarren bertsoko amaieran: "bere irudiari ezin diot egin eraso/ ze gurasoa urrun bada be beti izaten da guraso". Ekaitz Larrazabalek preso zeukan bikoteari kantatu zion.

 

Gorka Lazkanok amama zenari kantatu zion, azken bertsoan "nonbait entzuten bazagoz, mosu handi bat amama" hunkituta. Igor Elortzak aitita zenari kantatu zion, umetako oroitzapenak polito deskribatuta, batez ere gaixorik zegoenean zelan zaintzen zuen: "ointxe be termometroa jartzen danean bero / zurekin akordetan naz gaixotzen nazenero". Garikoitz Sarriugartek istripu baten hildako lagunari kantatu zion, honek ere benetako istorioa aukeratuta; "nahiago nuke atea zabaldu ta hona jaitsiko balitz" kantatuz amaitu zuen.

 

Azken kanporaketa Zornotzan jokatuko da, azaroaren 4an. Orduan jakingo da finalaurrekoetan ze bertsolarik jardungo duten kantuan.

 

Saioko puntuazioa:

Igor Elortza: 450

Gorka Lazkano: 407

Joseba Artza: 394

Garikoitz Sarriugarte: 391

Nerea Ibarzabal: 391

Ekaitz Larrazabal: 315

Sailkapen orokorra

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!