"Riffak guztiz borobil ikusi arte ez dut kanta amaitutzat ematen"

Anboto 2012ko urr. 26a, 08:34

Jon Flores, Damudot taldeko gitarrajole eta ahots, taldeaz eta maiatzean kaleratu zuten diskoaz aritu da; Mallabiko Urriko jaietan joko dute gaur, Bostenbor taldearen lehenengo kontzertua ere izango den zuzenekoan

Jon Flores, Damudot taldeko gitarrajole eta ahots, taldeaz eta maiatzean kaleratu zuten diskoaz aritu da; Mallabiko Urriko jaietan joko dute gaur, Bostenbor taldearen lehenengo kontzertua ere izango den zuzenekoan.

 

Zer prestatu duzue gaurko Mallabiko kontzerturako?

Disko berriko abestiak joko ditugu, eta baita 2006ko maketako kanta batzuk ere. Disko berriaren aurkezpena da egingo duguna.

 

 

Maiatzean argitaratu zenuten. Zer ideiagaz egin zenuten diskoa?

Heriotza da bakea dakarren bakarra dauka izenburua, eta diskoaren kontzeptu nagusia Platonen esaldi batean dago oinarrituta: “Soldadu hilek bakarrik ezagutzen dute gudaren amaiera”. 

 

 

Kanta guztiak kontzeptu horren bueltakoak dira?

Bai, gizakiaren alde ilunaren inguruko ideia dago guztietan: naturatik aldendu garenez, gizakiok geure artean gara harrapari orain. 

 

 

Kontatu zehatzago zeri buruz diren diskoko zenbait kanta.

Utopi hutsa, Platonen Haitzuloko mitoari buruzkoa da: gure kulturak eta ohiturek itsututa gaudela dio, eta ez dugula errealitatea ikusten. Zer egin genezake, genero biolentziaren kontrako kantua da. Pertsonen kontrako minen ingurukoa da Soldadu itsua…

 

 

Zer eboluzio eman da urteotan Damudot taldean?

Hasi ginenean gehiago igartzen zen zeintzuk ziren gure eraginak: “Su Ta Gar edo Metallicaren antza dauka”, esaten zuen jendeak. Abestiek gure ukitua dute orain.

 

 

Hori zuen influentziak ere zabaldu direlako izan daiteke?

Bai, izan leike. Lehen itxiagoa nintzen konposatzerakoan, eta orain ez diot nire buruari horrenbeste muga ipintzen. Kanta bat gure estilotik larregi aldentzen dela ikusten badut, neuretzako gordetzen dut... Dena den, sarritan, lokalean jo eta asko gustatzen zaienez, azkenean Damudot-
erako hartzen dugu.

 

 

Hainbeste urtean maketa bat eta disko bat kaleratu duzue. Zer gura du esan horrek, asko lantzen duzuela kanta bakoitza?

Izan leike. Neuk egiten ditut musika eta letrak, eta gero denon artean ematen diegu forma. Egia da astiro egiten ditudala: riffak  guztiz borobil ikusi arte ez dut kanta amaitutzat ematen. Mila buelta ematen dizkiot abesti bakoitzari.

 

 

Zure erritmoaren araberakoa da, beraz, taldearen martxa?

Bai. Diskoa 2010ean grabatu genuen Carlos Creatorekin, gero urtebete kanpoan egon nintzen ikasten, eta bueltan amaitu genuen diskoa: berriro sartu ginen estudiora azken ukituak emateko.

 

 

Duela hamar urte baino gehiago jaio zen Damudot. Zeu zara hasieratik taldean jarraitzen duen bakarra?

Neu eta Poluto bateria-jolea gaude taldean hasieratik. 

 

 

Zelan funtzionatzen duzue entseguekin?

Astero batzen gara, eta beti edukitzen dugu zerbait berria lantzeko: riffak, bateriak eta abar.

 

 

Nahi beste kontzertu eskaintzeko aukera izan duzue?

Ez, eta uste dut egiten dugun musika estiloagatik dela. Rockeroagoa bazara errazago lortu ahal dituzu kontzertuak, baina metaleroa bazara zailagoa da. Kosta egiten zaigu kontzertuak topatzea. Hilean pare bat aldiz jo ahal izatea gustatuko litzaiguke. 

 

 


Baxujole berria fitxatu gura dute urtarrilerako

 

Erlantz Eizmendi Poluto zaldibartarra, Dani de la Torre eibartarra eta Gabriel Barranco mallabitarra dira Jon Flores abeslari eta gitarristaren Damudot taldeko kideak. Jon Floresek azaldu duenez, Gabriel Barrancok taldea utziko du gabonen ostean, eta baxujole berria bilatzen hasiko dira. Inguruko taldeetako musikari ezagunei egingo diete lehenengo proposamena.

 

Dozena bat urtean metal doinuak sortzen jardun du Damudot taldeak. Estilo horren Euskal Herriko eszenan leku bat egiterik lortu duten galdetuta, ezetz dio Jon Flores gitarrista eta abeslariak. “Ez dugu lortu jendeak taldea ezagutzea”. Hala ere, bere anaia Oierren laguntzagaz egin duten bideoklipak bi mila bisita eduki dituela kontatu du Floresek.

 

Taldeak egiten duen musika ezagutzera emateko helburuagaz, diskoa Interneten deskargatzeko aukera ipiniko dute laster. Gainera, diskoaren 500 ale atera dituzte, eta Mallabia eta Ermuko hainbat tabernatan dago salgai, bost euroan. Oso pozik daude Carlos Creator ekoizleagaz lortutako soinu kalitateagaz.
“Baina, taldea ezagutzera emateko modurik onena,  Su Ta Gar moduko talde baten aurretik jotzea da”, zehaztu du. Maiatzean, Ermuan eduki zuten aukera hori: “Oso garrantzitsua izan zen kontzertu hura, jende askok ezagutu gintuelako: hori da promoziorik onena”.

 

Diskoaren grabazioan ere kolaboratu zuen Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabelek. Heriotza da bakea dakarren bakarra abestian kantatzen du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!