Aitor Elordi iurretarrak 18-11 menderatu zuen Sagastibeltza nafarra. Hurrengo kanporaketan Calleja zaldibartarra izango du aurrez aurre.
Eskailera sistemako txapelketan Aitor Elordik behe-behetik ekin zion eta dagoeneko hiru kanporaketa gainditu ditu XXVII. Cafes Baque Pilota Txapelketan. Zenikazelaia portugaletearra eta Urizar markinarra menderatu ondoren, eguaztenean Sagastibeltza nafarra kanporatu zuen Mañariko pilotalekuan (18-11). Urriaren 31n, 19:00etan, Calleja zaldibartarraren aurka jokatuko du Abadiñon, kadeteen mailan. Partidu horretako irabazleak Dario errioxarra zain izango du azaroaren 14an Mañarian. Azken partidu horretako irabazlea finalerdietarako sailkatuko da.
Eguaztenean beste hiru partidu ere jokatu ziren. Kadeteetan Sanchez errioxarrak 18-6 irabazi zion Gorostiaga urduliztarrari. Gazteetan Arrankudiagako Ibarrondok 22-14 kanporatu zuen Eluztondo gipuzkoarra. Gazteetako azkenengo partidua bertan behera utzi behar izan zuen Hernandez galdakoztarrak 4-18 galtzen zihoala. Ondorioz, Calvo errioxarra sailkatu zen hurrengo kanporaketarako.
HURRENGO JARDUNALDIA (Urriak 24, 19:00, Atxondo)
Kadeteak:
- Espinal (Nafarroa) – Etxebarria (Lemoa)
- Andueza (Iurreta) – Aburuza (Gipuzkoa)
Gazteak:
- Albizu (Markina) - Larrañaga (Araba)
- Untxalo (Nafarroa) – Garcia (Araba)