Erralde desegitea erabaki dute aho batez

Anboto 2012ko urr. 18a, 16:21

Erralde hiltegiko batzordea osatzen duten hamabost herrietako ordezkariek sozietatea desegiteko erabakia hartu zuten eguaztenean. Helburua elkartearen zorrak ordaintzea dela azaldu du Mikel Ansotegi Erraldeko presidenteak (2,4 milioi euroko zorra du hiltegiak)

Erralde hiltegiko batzordea osatzen duten hamabost herrietako ordezkariek sozietatea desegiteko erabakia hartu zuten eguaztenean. Enpresaren likidazioa zelan egin erabakitzeko batzordea osatu dute. Hauek dira batzordea kudeatuko dutenak: Mikel Ansotegi Aulestiko alkatea eta Erraldeko presidentea (Bildu), Jesus Lekerikabeaskoa Isparterreko alkatea (EAJ) eta Jose Luis Navarro Abadiñoko alkatea (Abadiñoko Independienteak).

 

Lehenago, baserritarrei

 

Erralde osatzen duten udalen helburua elkartearen zorrak ordaintzea dela azaldu du Ansotegik. Ia 2,4 milioi euroko zorra du hiltegiak: 320.000 euro baserritarrei, hornitzaileei eta hartzekodunei zor diete. 120.000 euro kaleratutako langileen indemnizazioena da (uztailean kaleratu zituzten 18 langile). Horri guztiari bankuarekin duten 1,9 milioi euroko zorra gehitu behar zaio. Ansotegik dioenez, bankuarekin duten zorra berriro negoziatu gura dute baserritarrei zor dietena ahalik eta arinen ordaintzeko. Bankuarekin duten mailegua, Berrizen hiltegi berria eraikitzeko lurrak erosteko eskatu zuten. Orain, enpresa deseginda, proiektu berria zalantzan dago.

 

Ansotegik dioenez, 2011ko uztailean Erraldeko zuzendaritza hartu zutenean hainbat arazo topatu zituzten, eta aitortu du ezin izan dietela aurre egin. Auzokideekin izandako arazoei eta udalagaz zuten alokairu kontratuaren amaierari Osasun sailaren baimena kentzea gehitu zitzaion.

 

Elorrio desados

 

Eguazteneko batzarrean desegitea aho batez onartu zuten arren, herri bakoitzak egin beharreko ordainketak abelburu eta biztanle kopuruaren arabera egitearen aurka agertu zen Joseba Mujika (EAJ) Elorrioko ordezkaria. Mujikaren berbetan akordio hori ustiapen gastuak ordaintzeko hartu zen, eta ez beste zor batzuk kitatzeko. “Elkarte mugatua sortzerakoan herri guztiok parte-hartze sozial berdina izatea adostu genuen, beraz, esplotazio gastuetarako baino ez da adostu herri handienek gehiago ordaintzea”. “Orain Elorriok gehiago ordaintzea ez da justua, ezta legala ere”. Enpresa oso gaizki kudeatu dela dio Elorrioko ordezkariak: “Hala ere, diru publikoagaz oso zorrotzak izan behar dugu eta ezin ditugu herritarrak engainatu”. Zor handiak badaude, Berrizen hiltegi berria eraikitzeko erositako lurrak saltzea aukera bat izan daitekeela adierazi du Mujikak.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!