Iaz atarian geratu ostean, igoera gura dute Sapuberri eta Dantzarik

Anboto 2012ko urr. 21a, 08:29

Bi taldeek orain arteko hiru partiduak irabazi dituzte areto futboleko Lehen erregionalean

Bi taldeek orain arteko hiru partiduak irabazi dituzte areto futboleko Lehen erregionalean.

 

Areto futboleko Lehenengo erregionalean ez dute sorpresarik gura Sapuberrik eta Dantzarik. Biek ala biek igoera dute helburu eta indartsu ekin diote ligari. Orain arteko hiru partiduak irabazi dituzte eta igoera postuetan daude. Iaz talde biak igoeraren atarian geratu ziren.

 

Sapuberrik lehenengo itzuli handia osatu zuen eta hirugarrenarekiko zortzi puntuko abantailagaz ibili zen. Bigarren itzulian, lesioak eta bestelako kontuak medio, asko jaitsi zuten errendimendua eta azken unean igoera zein promozio postuetatik kanpora geratu ziren. Aurten jokalari bi fitxatu dituzte taldea indartzeko. Biak berriztarrak dira: David Lobato(20 urte) eta Roberto Rodriguez (30 urte). Lobatok Eibarko beheko mailetan jokatu du futbolean; baita Durangoko Kulturalean ere. Belauneko arazoengatik utzi zuen futbola eta aurten Sapuberrigaz dabil. “Aste hauetan argi utzi du zergatik ibili zen Eibar lako taldeetan. Detaile txikiak ikastea falta zaio, baina asko emango digu”, adierazi du Jelko Uribe taldeko entrenatzaileak. Roberto Rodriguez ere oso jokalari baliotsua dela azaldu du, taldeari emango dion esperientzia eta seriotasunagatik.

 

Dantzarik Sapuberriren kontrako errendimendua eskaini zuen iaz. Behetik gora egin eta igoera promozioa jokatu zuten. Promozioan Romotarrak taldea kanporatu eta igoera ospatu zuten. Hurrengo egunetan etorri zen albiste txarra. Maila goreneko talde batek igotzeari uko egin ziola-eta, federazioak jakinarazi zien ezingo zutela igo.
Oro har, iazko blokeari eutsi diote aurten. Asteburuan Dantzarik Abadiñoko Gaztetxieren kontrako derbia jokatuko du. Partidu gatxa izango du Sapuberrik. Abadiñarrak ere ez dabiltza kamuts. Bosgarren daude, goiko postuen borrokan murgilduta hauek ere.

 

Denboraldia kaskar hasi duena Gu Lagunak taldea da. Orain arteko hiru partiduak galdu dituzte durangarrek. Elorrioko B, hiru puntugaz, behealdean dago, baina jaitsiera postuetatik kanpora. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!