Elorriok oraindik ez du etxean partidurik irabazi, ezta Iurretakok ere etxetik kanpora.
Ohorezko mailan aurretik sekula ikusi gabeko derbia jokatuko dute Elorriok eta Iurretakok gaur Eleizalden. Talde biak sailkapenaren erdian daude, zazpina puntugaz berdinduta.
Elorriok denboraldiko lehenengo garaipena lortu zuen joan zen asteburuan Moraza azken sailkatuaren aurka (0-1). Hiru puntu horiek arnasa eman diote eta sailkapeneko azkenengo postuetatik irten dira. Etxean oraingoz ez dute garaipenik eskuratu eta Eleizalden jokatutako bi partiduak berdindu egin dituzte Soduperen eta Sondikaren aurka.
Iurretakok aurtengoa du estreinako urtea Ohorezko mailan. Iaz, denboraldi borobila osatu eta Maila gorenetik Ohorezko mailara igo ziren. Denboraldi honetan etxetik kanpora jokatutako partidu biak berdindu egin dituzte Deusturen eta Somorrostroren kontra. Orain arteko garaipen bakarra etxean lortu dute, Erandio 1-0 menderatuta.