Ibon Ajuria gernikarrak lortu du finalerdietarako txartela; Uruburuk hirugarren egin du.
Domekan lehen aldiz bozkatuko duten gazteak, aitaren taberna hartu gura duen semea, arte erakusketa ipini eta ama bakarrik bisitan izan duen artista... Bizkaiko bertsolari txapelketako bigarren kanporaketan batu ziren horiek denak, arratsalde euritsu bat gozotu guran. Distira handirik bako saio entretenigarria eskaini zuten bertsolariek, eta Ibon Ajuriak merezita lortu zuen finalerdietarako txartela, bertso osoenak botata.
Durangaldeko bertsolari bi izan ziren Balmasedan, Eñaut Uruburu abadiñarra eta Ander Salaberria durangarra. Ofizioka zortziko handian batez ere nahiko saio txukuna egin zuten biek. Uruburu, Ibon Ajuria aitaren taberna hartu gura zuen semearen kolkotik ibili zen kantatzen, eta hura lanik onena ez zela eta ezetz tematu ostean, Ajuria konbentzitzea lortu zuen. Salaberria “artistak” Ostolaza amaren bisita baino ez zuen jaso bere erakusketan: arteaz ulertzen duen / bakarra zu zara. Bota zion hasieran. Baina harek ezetz, konpromisoagatik joan zela. Salaberriak, orduan, koadro bat erosteko esan zion. Ostolazak semearengan fede handirik ez, eta aurreko ofizioari keinu eginda amaitu zuen: noiz hartu behar dozu / aitaren taberna?
Kartzelako lanerako honakoa izan zen gaia: "Urteak eman dituzu etxetik kanpo. Bueltatu zarenean, arrotz sentitu zara”. Salaberriak krisialdiagatik etxera bueltatu behar zuen etorkinaren larrutik kantatu zuen, eta Uruburuk Mexikora errefuxiatu joan eta gero egin zuen etxerako buelta, amnistiaren ostean. Barrerako tarte asko egon ez zen saioan, Gorka Ostolazak eta Ibon Ajuriak kartzelan umorea erabiltzeko lizentzia hartu zuten eta entzuleek txaloka eskertu.
Uruburuk 354 puntu lortu ditu eta finalaurrekotara pasatzeko aukera eduki dezake. Oraindik beste hiru kanporaketa gelditzen dira baina; hurrengoa urriaren 27an izango da Mungian. Durangaldeko bertsolariek biharamunean daukate zita; urriaren 28an Sopelan kantatuko dute Elortza, Sarriugarte eta Lazkanok, Larrazabal, Artza eta Ibarzabalegaz.
Amaia Ugalde (Kronika)