‘Futbolean Oinarritik Euskaraz’ ekimenagaz, ikastetxe eta futbol taldeetako entrenatzaileei umeak euskaraz trebatzen irakatsi diete.
Gazte-gaztetatik baloia atera jaurtitzeko mekanika landu duena, etorkizunean golegileagoa izango da, mekanika hori behar moduan landu ez duena baino. Berdina gertatzen da hizkuntzagaz. Umetatik futbolean euskaraz pentsatzen duenari, hazten denean terminologiak ezagun egingo zaizkio eta naturaltasunez erabiliko ditu. Hori du helburu ‘Futbola Oinarritik Euskaraz’ ekimenak. Hiru astez Durangaldeko hainbat futbol klubetako eta ikastetxetako 32 entrenatzailek euren jokalariak (kadete mailara artekoak) euskaraz zelan trebatu ikasteko ikastaroa burutu eta material erabilgarria jaso dute.
Durangaldeko Amankomunazgoko euskara zerbitzua, Berbaro euskara elkartea eta Itzarri Consulting enpresa ari dira ekimena gauzatzen. Iazko lehenengo aldian futbol klubetan zentratu ziren. Aurten ekimena ikastetxeetara zabaldu dute eta harrera ona izan du. Iaztik hona, entrenatzaileen kopurua nabarmen igo da: 14tik 32ra. Etorkizunean ekimena beste kirol batzuetara zabaldu nahi dute. Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak ekimenaren aurkezpenan azaldu zuenez, “ikastaro hauek baliozkoak dira euskararen normalkuntzan aurrera egiteko, haur asko dabiltzalako futbolean”. Berbaro elkarteak euskaraz bizitzeko guneak eta uneak sortzea du helburu eta bide horretan garrantzitsua deritzote kirol munduan euskara txertatzeko baliabide gehiago eskaintzeari.
Eskualdeko bederatzi ikastetxetako entrenatzaileak eta Zaldua kirol klubeko batzuk batu dira aurten ekimenera.Hala ere, parte hartu ez duten ikastetxeen aldetik ere jarrera positiboa jaso dutela adierazi zuen Lehior Elorriaga Berbaroko ordezkariak. Herrika banatuta Durangoko taldeetakoak dira entrenatzaile gehienak: 12. Abadiñotik 6 etorri dira, Iurreta eta Elorriotik launa, Zaldibarretik hiru, Berriztik 2 eta Izurtzatik bat.
Ikastaroa astelehenean amaituko da. Iaz ez bezala, aurten irailean kontzentratu dituzte kale teorikoak eta praktikoak, ligarik gehienak hastear daudela: "Kontua ez da entrenatzaileei irakastea bakarrik. Entrenatzaileek jakin egin behar dute ikasitakoa euren jokalari gazteei zelan transmititu. Horretan harreta berezi ipini dugu", adierazi du Alain Gandiaga ikastaroetako irakasleak.
Aurrerantzean Berbaro elkarteak jarraipena egingo die ekimeneko taldeei, eskainitako baliabideak egunean-egunean zelan gauzatzen diren ikusteko.
Ikastaroa egindako entrenatzaileekin lan poltsa osatuko dute. Horrela, aurrerrantzean kluben edo ikastetxeren batek euskarazko trebakuntza jaso duen entrenatzaile bat behar badu, lan poltsa horretara jo ahalko du.
IRUDIA: Ikastaroa jaso duten 14 entrenatzaile