Durangaldeko ziklistak Espainiako itzuliko azken kilometroetan

Anboto 2012ko ira. 7a, 08:15

Jonathan Castroviejo eta Egoitz Garcia lehenengoz ari dira Espainiako itzulia lehiatzen

Jonathan Castroviejo eta Egoitz Garcia lehenengoz ari dira Espainiako itzulia lehiatzen.

 

Durangaldeak lau ordezkari ditu Espainiako Itzulian: Egoitz Garcia atxondarra, Ruben Perez zaldibartarra eta Abadiñon bizi diren Jonathan Castroviejo eta Koldo Fernandez de Larrea. Castroviejo itzuliko protagonista nagusi izan zen lehen etapetan. Perezek ezin izan zuen Lagos de Cobadongako ahalegin itzela garaipenagaz errematatu. Garciari inork ez dio kenduko lehen itzuli handia lehiatzeak dakarren ilusioa. Fernandez de Larrea, espero baino eskasago ibili da esprintetan orain arte.

 

Jonathan Castroviejok ametsetako debuta izan du itzuli handietan. Estreinako etapa, taldekako erlojupekoa, bere taldeak (Movistar) irabazi zuen eta helmugar\"\"a lehenengo tokian sartu zenez, liderrari dagokion maillota jantzi zuen. Hurrengo egun bietan maillotari eutsi zion eta Barakaldotik abiatutako laugarren etapan egun berezia bizi izan zuela onartu du: “Etxean maillotagaz irteteak poz handia eman zidan. Egia esanda, gerora jabetu naiz egun horiek zer bereziak izan ziren, dena distantzia apur batekin ikusi dudanean. Egun horietan, hedabideak zirela, hurrengo eguneko etaparen prestakuntza zela, itzulian bertan kontzentraturik egon nintzen”.

 

Harrez gero, Alejandro Valverde taldekideari laguntzera bideratu ditu ahaleginak Castroviejok. Zereginak garbi ditu: “Orain arte lortu dugunari eustea da gure helburua. Taldekako sailkapenean lider gaude eta horri eutsi nahi diogu. Valverderen hirugarren postua ere indar denekin defendituko dugu”.

 

 

Egoitz Garciak bere ibilbideko lehenengo itzuli handia du Espainiakoa. Castroviejok ez bezala, taldekako erlojupekoak ez dakarkio gomuta onik. Erori eta urratu mingarriak egin zituen. Ondorioz, hurrengo egunetan kosta egin zitzaion gauetan lo egitea eta ezin izan zuen masajerik ere hartu, azaldu duenez: “Nire helburua eta taldearena ihesaldiak hartu eta etapa garaipena bilatzea zen. Erorikoaren ondorioz, gauzak lasai hartzea beste erremediorik ez nuen izan. Etapak joan ahala errekuperatu egin nintzen eta ihesaldietan sartzen saiatu naiz, baina zorte barik”. Hala ere, handik eta hemendik gorde dituen indar apurrekin, geratzen diren etapetan gogoz saiatzeko asmoa duela adierazi du.

 

Ruben Perezek hurbil eduki zuen garaipena Lagos de Covadonga mendate mitikoan amaitu zen etapan, baina bigarren postuagaz konformatu behar izan zuen, Antonio Piedraren atzetik. Igor Anton taldeburua espero zen mailatik behera dabil eta taldeak oraindik ez du etaparik irabazi, baina taldea duen guztia ematen dabilela dio: “Taldearen jarrera bikaina da. Askotan saiatu gara eta alde horretatik ezin daiteke ezer esan. Gu baino indartsuago izan direnak zoriontzea eta aurrerantzean ere saiatzen jarraitzea besterik ez zaigu geratzen”.

 

Kritikoagoa da bere aurtengo errendimenduagaz: “Niretzako ez da urterik onena izan. Postu on batzuk lortu ditut, baina gorputzak ez dit erantzun uste nuen moduan. Ea hurrengo denboraldia hobea den”.

 

Koldo Fernandez de Larrea Euskaltel-Euskadi taldean ibili zen iaz arte. Aurten du lehen urtea Garmin Sharp taldeagaz. Helburu bigaz ekin zion itzuliari: esprintetan lehiatzea eta Andrew Talansky taldekidea laguntzea. Esprintetan espero baino ahulago ibili dela dio: “Gutxienez lehenengo bosten artean sailkatzea nahi nuen, baina ez dut lortu”. Bigarren zereginean finago aritu da. Talansky 23 urteko gaztea zazpigarren dago sailkapenean eta taldeak lan handia egin du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!