Grabatzen hasi orduko egin du berba Eihar Uriarte baxu-jotzaileak Little John & The Howling Diabrus taldeaz; taldekideak ditu Jon Agirre bateria, Joseba Agirre harmonika, eta Ibon Berriozabalgoitia gitarra eta ahotsa.
Orain aste batzuk Durangoko Intxaurren jo zenuten kontzertua taldearen azken aurrekoa zela iragarri zenuten.
Ez dugu gura, baina taldekide bat bigarrenez aita izan da, eta utzi egin beharko dugu taldea. Ez dago Joseba modukorik, eta beste harmonika-jole bategaz ez litzateke berdina izango.
Azken kontzertua noiz?
Aste honetan diskoa grabatzen gabiltza, eta uztailaren 20an Otxandioko jaietan, gaztetxean eskainiko dugu azkena.
Zein da Little John & The Howling Diabrus taldearen historia?
Oso tartekako taldea izan da. Ibon eta Jon parranda batean hasi ziren 50. hamarkadako blues musikari buruz berba egiten, eta bertsio batzuk jotzea erabaki zuten. Laster proposatu ziguten beste taldekideoi, eta horrela hasi ginen bertsioak entseatzen. Mañariako txabolan hasi ginen entseguak egiten.
Esate baterako zeintzuk bertsio jotzen zenituzten?
Howling Wolf, Little Walter, Muddy Waters edo Bo Didleyren kantak hasi ginen jotzen. Musika mota horrek harmonika asko daukanez, eta nik Yoko Out taldean jotzen dudanez, Joseba ere berotu genuen.
Zuen ukitua eman izan diezue bertsio horiei.
Bai. Gure asmoa hasieratik izan da 50eko hamarkadako bertsioak baina modu azeleratuagoan egitea: punk ukitu bategaz egitea.
Noiz hasi zineten taldeagaz?
2009-2010 inguruan hasi ginen, pare bat kontzertu jo genituen Little John izenagaz. Izenaren bigarren partea kontzertu bakoitzerako aldatzen genuen hasieran: ez ginen izen bategaz ados jartzen [barrez]. Kontzertu batzuk jo genituen, eta geldialdi bat eta gero 2010eko otsailean hartu genuen serioago. Maiatz eta ekain hartan bost kontzertu eskaini genituen, eta diskoa grabatzeko asmoa bageneukan dagoeneko iaz, baina ordutegi arazoengatik-eta, azkenean ez zen posible izan. Martxoan berriro heldu diogu ideia horri.
Hasi zarete grabazioagaz, ezta?
Bai. Ondoen landu ditugun gure lau abesti —bi euskarazkoak eta bi inglesezkoak—, eta bi bertsio grabatuko ditugu: Howlin Wolf eta Dr Feel Goodenak.
Zer musika mota egiten duzue azkenaldian?
Azkenaldian egin ditugun bertsioak ez dira 50eko hamarkadakoak bakarrik izan: 70 eta 80koak ere jo ditugu. Guk garage blues deskribatzen dugu egiten duguna: blues oinarria daukan musika zikina. Bestalde, Ibonen ahots baxu eta apurtua ere gure musikaren bereizgarria da.
Urteotan abesti batzuk “bidean galdu” izan zaizkiela kontatu du Ehiar Uriarte baxujoleak. Diskoa zergatik ari diren egiten argi dauka: “Betirako hor geratuko den gure musikaren bilduma edukitzeko”. B.E.K. taldeko Potxis izan dute grabazioagaz laguntzen.
Baina, ez daukate diskoa kaleratzeko asmorik. Diskoaren ale fisikoa taldekideek bakarrik edukiko dute. Uriartek azaldu duenez, www.bandcamp.com webgunera igoko dituzte sei kantak, eta debalde jaisteko aukera eskainiko dute. Webgune bat ere sortu gura dute diskoa doan deskargatzeko. Datorren asterako edo, gehienez, aste bi barrurako prest edukitzea espero dute.
Beste talde batzuetan “rock asko” egin izan dute taldekideek, Uriartek dioenez, eta hortik aldendu gura izan du Little John & The Howling Diabrus taldeak. Horregatik da talde berezia.
Bluesa berez “triste antzekoa” izan arren, erritmo bizikoak dira Little John eta lagunen kantak: “Entzule gehienek irribarre bategaz amaitzen du kontzertuetan”, ziurtatu du Uriartek. Durangoko Arkarazo eta Ttipi-Ttapa tabernetan eskaini zituzten kontzertuak gogoratzen dituzte bereziki, umore on horren seinale. |