Nagusien denbora hobetuz, Oiarbide Euskadiko txapeldun gazteetan

Anboto 2012ko uzt. 2a, 15:25

Erlojupean emakumeen Euskadiko txapelketa jokatu zuten domekan Elorrion. Beste Alde Rent A Car-Orue taldeko Lourdes Oiarbide gazte mailan txapeldun geratu zen, eta bai berak eta bai Zuriñe Vianak elite mailako denborak hobetu zituzten.

Erlojupean emakumeen Euskadiko txapelketa jokatu zuten domekan Elorrion. Beste Alde Rent A Car-Orue taldeko Lourdes Oiarbide gazte mailan txapeldun geratu zen, eta bai berak eta bai Zuriñe Vianak elite mailako denborak hobetu zituzten.


\"\"Elorriotik Abadiñora arteko joan-etorria Zuriñe Viana kantabriarrak osatu zuen azkarren: 20.16.38. Lourdes Oiarbide (Beste Alde Rent A Car-Orue) bigarren sailkatu zen ia denbora berean, hamarren batera bakarrik: 20.16.39. Viana kantabriarra denez, Oiarbidek jantzi zuen Euskadiko irabazleari dagokion elastikoa. Oiarbide Espainiako erlojupeko txapelduna ere bada gazteen mailan.


Ziortza Isasi taldekidea ere irabazteko faboritoen artean zegoen gazte mailan, baina  helmugara heltzeko hiru kilometroren faltan zulatua izan zuen. Une horretan, Isasik denbora oso ona zeraman eta irabazteko aukerak zituen Agurtzane Elorriaga taldeko zuzendariaren esanetan. Hala eta guzti ere gazte mailako seigarren tokian geratu zen: 21.41.84. Lehenengo hamarren artean sailkatu ziren talde bereko Malen Alberdi eta Aiala Amesti ere.


23 urtez azpiko mailan Bizkaia-Durango taldeko Ane Santesteban izan zen txapelduna: 20.33.23. Zortzi segundoko aldea atera zion Irene San Sebastiani (Debabarrena-Gipuzkoa). San Sebastian zen maila horretan irabazteko faborito: “Sorpresa hartu genuen denok, Anek berak ere bai. Oso sasoi onean dago eta erlojupeko handia egin zuen”, azaldu du Elorriagak. Hirugarren tokian Bizkaia-Durango taldeko Amaia Martioda sailkatu zen.


Nagusietan bigarren postua eskuratu zuen Lointek taldeko Mireia Epeldek: 21.34.88. Lehen tokia urrun geratu zitzaion, ibilbidea minutu bat lehenago osatu zuelako Debabarrena taldeko Inmaculada Pereirok. Pereiro kantabriara da sortzez, baina orain dela pare bat urte Euskal Herriran erroldatu zen.


Azkenik, kadeteetan Allerru  Kirol Elkarteko Naiai Leonet txirrindualria izan zen azkarrena.


Antolakuntzagaz kexu


Lasterketako antolakuntzagaz ez dira bat ere gustura Beste Alde taldeko kideak. Gazte eta kadete mailako denborak oker egon daitezkeela uste dute. Hona zergaitia: Erlojupekoan txirrindulariak minutu batetik minutu batera irteten dira, aurretik erabakitako ordenean. Maila bi horietan ez ziren aurreikusita zeuden txirrindulari guztiak etorri. Kasu horietan, etorri ez diren txirrindularien irteteko ordua heltzen denean, ez du beste inork irten behar. Minutu hori pasatzen utzi eta txirrindulari bakoitzak aurretik ezarritako orduan ekin behar dio lasterketari. Antolakuntzak, ordea, irteera horiek bere horretan utzi beharrean, txirrindularien irteera ordua aurreratu zuen. Hasieran ez zen inor ohartu. Baina kadete mailan txirrindulari batek aurretik zihoana pasatu eta helmugan bataren eta bestearen artean segundo batzuetako aldea bakarrik eman zutenean, zerbait ez zebilela ondo ohartu ziren.


Horregatik duda egiten dute Vianak Oiarbidek baino denbora hobea egin izana “denboraldi osoan Oiarbide Viana baino dezente hobeto ibili denean”, Elorriagak gogoratu duenez: “Nik badakit Oiarbideren denbora zuzena  dela, beragaz joan nintzelako eta denbora hartu niolako, baina ez dakit eta ezin du frogatu Vianarena zuzena ez denik”. Federazioara deitzeko asmoa erakutsi du azalpen eske.


Elite mailako denborak zuzenak dira seguru, aurreikusita zeuden txirrindulari guztiak etorri zirelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!