Ekaineko aldapa laua eta oparoa gertatu zaio Bizkaia-Durangori

Anboto 2012ko uzt. 2a, 08:57

Espainiako txapelketan hiru urre lortuta borobildu du hilabetea txirrindulari taldeak

Espainiako txapelketan hiru urre lortuta borobildu du hilabetea txirrindulari taldeak.

 

Bizkaia-Durango txirrindulari taldeak ekaina gorriz azpimarratuta zuen egutegian. Amaitzear dagoen hilean urteko lasterketarik garrantzitsuenak eduki dituzte; tartean, Emakumeen Bira eta Espainiako txapelketa. Lasterketa denetan erakutsitako maila ona borobildu egin zuten joan zen asteburuan Anna Sanchizek (Valentzia, 25 urte) eta Ane Santestebanek (Errenteria, 22 urte), Salamankan jokatutako Espainiako txapelketan.

 \"\"

Sanchizek urrezko bi domina lortu zituen, erlojukoan eta errepidean. Santesteban 23 urtez azpiko txapelduna izan zen errepidean. Agurtzane Elorriaga taldeko zuzendariak laudatu egin ditu: “Bagenekien oso sasoi onean zeudela eta ibilbidea ere eurentzako egokia zen, aldapak zituelako eta gorebeheratsua zelako. Hala ere, maila ikusgarria eskaini dute”.

 

Sanchizek Espainiako Kopako lidertza ere lortu du hil honetan, Zizurkilgo lasterketa irabazi ostean. Kopa amaitzeko lasterketa bakarra falta da. Aipagarria da Joanne Hogan australiarraren lana ere: Sopelako eta Osintxuko (Bergara) lasterketak irabazi ditu ekainean.

 

Taldeka indartsu

Lorpen denak ez dira banakakoak. Besteak beste, Dorleta Eskamendi, Cristina Alcalde eta Amaia Martiedaren lanari esker, laugarren amaitu zuten Emakumeen Birako taldekako sailkapenean. Joane Somarriba taldean zebilenetik ez zuten hain goian amaitzen.

 

Datorren urterako babesle berrien bila dabil Durangoko taldea. Interesatuentzat e-mail bat ipini dute: scduranguesa@hotmail.com

 

Federazioaren “lan txarra”

Txirrindularitzan eta emakumeetan, Espainiako selekzioa ez da Londoneko Olinpiar Jokoetarako sailkatu. Beraz, Anna Sanchizek, esaterako, ezingo du orain lau urte Beijingen izandako esperientzia errepikatu. Elorriagak Espainiako federazioaren “lan txarra” kritikatu du.

 

Dioenez, Londonera sailkatzeko ez dituzte puntu nahikoak batu, hein handi batean, Federazioak lasterketa gutxitan parte hartu duelako: “Federazioa ez da emakumeen taldean bat ere inplikatu. Aurrekontua gizonetan gastatu dute batez ere. Oso dezepzionaturik gaude”.

 

Bestalde, lasterketak txarto aukeratu dituztela dio: “Lehen mailako lasterketetan onenak egoten dira eta gaur egun Espainiak duen mailagaz zaila da puntuak batzea. Zergatik ez dute parte hartu bigarren mailako lasterketa gehiagotan puntuak pilatzeko?”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!