Durangalde Racing Elkarteak antolatuta, 80 parte-hartzaile lehiatuko dira zapatuan.
Durangalde Racing Elkarteak bost urte egin ditu aurten eta, urteurrenaren harira, Bizkaiko Begiratokia rallya berreskuratuko dute. 2006an eta 2007an antolatu zituzten lehenengo aldi biak, 2009an etorri zen hirugarrena eta aurten egingo dute laugarena, urte biko parentesiaren ostean.
Lan nekagarria izan dela onartu du Aketza Santakolomak: “Batez ere baimenekin ibili gara gora eta behera. Lan handia da. Baina dena lotuta dago eta lasterketa espero moduan irtetea itxaroten dugu”.
Guztira 80 pilotuk eman dute izena. Barikuan, 18:00etatik 20:00etara, egiaztapen teknikoak egingo dizkiete auto denei Iurretako Andadarapen, eta ostean Landako Gunera eroango dituzte. Zapatuan, 08:00etan hasiko dira irteten parte-hartzaileak Goiuriako lehenengo tarterantz.
Aurtengo aldiak bost tarte izango ditu, aurrekoek baino bat gehiago. Soraluze inguruan tarte berri bat prestatudute, Goiuria, Bizkaiko Begiralekua, Elgeta eta San Asentzioko ohiko tarteei gehituko zaiena. Tarte bakoitza birritan osatu beharko dute parte-hartzaileek. Sari banaketa 22:00 inguruan egingo dute Ezkurdi plazan.
Bizkaiko Begiratokia, Euskadiko Rally Txapelketako lehenengo lasterketa izango da. Era berean, Abarth Koparako puntuagarria ere izango da.
Autoak mailaka banatuko dituzte. Scratch deitzen da maila nagusia. Zilindraden arabera banatutako beste batzuez gainera (7. eta 8. mailakoak kenduta) auto historikoek eta fitxa teknikorik ez dutenek ere parte hartuko dute.
Tarsicio eta Peña
Rallya irabazteko faborito nagusia Xabier Lujua da, iaz Euskadiko Rally Txapelketa irabazi zuen pilotu bilbotarra. Jesus Estrada izango du kopilotu Mitsubishi EBO 10ean. Aurkari nagusia Roland Holke donostiarra izango da, Mitsubishi EBO 9agaz eta Aintzane Goñi kopilotu duela. Holkek ezin izan zuen iaz txapelketa amaitu, baina maila handian ibili zen. Durangaldeko ordezkarien artean Iban Tarsicio eta Iñigo Peña bikotea ibili daitezke ondoen, Mitsubishi EBO 9aren barruan.
GOIURIAKO TARTEA: Luzera: 5,3 kilometro BIZKAIKO BEGIRATOKIA: Luzera: 12,3 kilometro ELGETAKO TARTEA: Luzera: 3,4 kilometro SORALUZEKO TARTEA: Luzera: 5,4 kilometro ASENTZIOKO TARTEA: Luzera: 7,5 kilometro |