Kilometro Bertikalen Euskal Kopan lider ipini da Iñigo Lariz

Anboto 2012ko eka. 19a, 11:34

Mugarra Triatloi Taldeko korrikalariak bigarren amaitu du Txindokin eta Azpeitian

Mugarra Triatloi Taldeko korrikalariak bigarren amaitu du Txindokin eta Azpeitian.

 

Kilometro Bertikalen Euskal Kopa lau lasterketek osatzen dute. Horietako bi lehiatu direnean, Mugarra Triatloi Taldeko Iñigo Lariz (Elgoibar, 29 urte) lider ipini da. Estraineko lasterketan, Azpeitiko Zuzenean kilometro bertikalean, bigarren amaitu zuen Ionut Zincaren atzetik eta joan zen asteburuan postu berdina errepikatu zuen Txindokiko kilometro bertikalean (35.32) Hassam Ait Chaou korrikalariaren atzetik (35.02).


Ondorioz, lasterketa bietan batutako puntuekin (178 puntu) lider ipini da Euskal Kopan. Ait Chaous Billabonan bizi den marokoarra lau puntura du bigarren postuan.


Lariz oso pozik dago Txindokin erakutsitako errendimenduagaz: “Sasoi onean nago eta hasieratik ahalik arinen hasi nintzen. Lasterketa hauetan garantzitsua da indarrak dosifikatzea eta itoko ote nintzen beldurra nuen, baina oro har oso ondo aurkitu nuen neure burua”. Iaz Didier Zagok ezarri zuen markatik (34.30) minutu batera bakarrik amaitu zuen Mugarra Triatloi Eskolako zuzendariak.


Euskal Kopa amaitzeko falta diren lasterketa biak irailean eta urrian izango dira: irailaren 23an Uharte Arakileko kilometro bertikala eta urriaren 6an Anbotoko kilometroko bertikala Atxondon. 

 

\"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!