Teutenberg beteranoa da Birako lehenengo liderra

Anboto 2012ko eka. 7a, 19:54

Tropelak ez du ihesaldirik gertatzen utzi eta esprintean 37 urteko alemaniarra nagusitu da; Lekeition hasi eta amaituko da barikuko bigarren etapa.

Tropelak ez du ihesaldirik gertatzen utzi eta esprintean 37 urteko alemaniarra nagusitu da; Lekeition hasi eta amaituko da barikuko bigarren etapa.

 

Emakumeen Birako lehenengo etapatik ezin daiteke ondorio askorik atera. Iurreta eta Abadiño arteko 97 kilometroetan ihesaldi saiakera bi bakarrik egon dira, baina tropelak irten bezain laster irentsi ditu. Sprintean Ina Yoko Teutenberg izan da azkarrena eta bera da lehenengo liderra. 37 urteko alemaniarrak palmares zabala du; besteak beste, Frantziako Tourrean sei etapa irabazitakoa da. Etapako lehenengo euskalduna Ana Usabiaga izan da 75. tokian.

 

Gaurkoa amaituta hiru etapa geratuko dira Emakumeen Bira amaitzeko. Barikuan kostaldetik ibiliko dira txirrindulariak Gernikan hasi eta amaituko den etapan. Lekoitz gainerako igoera da ibilbideko tarterik gogorrena. Bigarren mailako mendatea da eta helmugatik hogei kilometrora kokatuta dagoenez, faboritoek erasorako baliatu dezakete.

 

Zapatuan 13 kilometroko erlojupekoari aurre egingo diote Urduñan. Ibilbidea gorebeheratsua da, txirrindulari abilentzat aproposa. Domekako azkenengo etapa Urduñan hasi eta Iurretan amaituko da, 13:40 inguruan. Helmugarako 25 kilometroren faltan, Urkiola mendatea jaitsiko dute eta espezialistek aldea atera dezakete hainbat bihurgune itxi daudelako. Gainera, helmugara heldu aurretxoan bigarren mailako Duña gaina aurkituko dute txirrindulariek.

 
 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!