Athleticen eskoltak Madrilera bidean dira

Anboto 2012ko mai. 25a, 12:30

Durangaldeko 20 motozalek bertatik bertara jarraituko dute Errege Kopako finala. Jokalariak hoteletik irteten direnean autobusaren aurrean ipini eta futbol zelaira eskoltatu gura dituzte.

Durangaldeko 20 motozalek bertatik bertara jarraituko dute Errege Kopako finala. Jokalariak hoteletik irteten direnean autobusaren aurrean ipini eta futbol zelaira eskoltatu gura dituzte.

 

 Gaur, 09:20 inguruan, Mañaritik Madrilera irten dira Durangaldeko 20 bat motozale: Berriz, Mañaria, Durango, Abadiñoko… motozaleak daude tartean, baita bilbotarren bat ere. Mañariko elkarte batean gosaldu dute lau bat orduko bidaiarako indarrak hartzeko.

 

 Joan direnetako batzuek badituzte Vicente Calderon futbol zelairako sarrerak, baina gehienek ez: “Athletic Hirian biziko dugu partidua. Giroa bertatiik bertatik bizitzea gura dugu. Horrelako egunak ez dira askotan bizitzen”, adierazi du Iñigo Carreto motorzaleak.

 

 Seguruenik errealitate bihurtuko den idea batean du sorburua Madrilerako bidaiak: “Lagun bati bururatu zitzaion ideia ona izango zela jokalariak dauden hoteletik futbol zelaira autobusaren aurretik joatea”. Harrezkero hainbat gestio egin dituzte posible den edo ez ziurtatzeko: “Ematen du posible izango dela. Madrilen poliziagaz berba egin eta printzipioz autobusaren aurretik eta polizia-lerroaren barrualdetik joango gara futbol zelaira arte”.

 

Durangaldean pantaila erraldoiak

Durangaldean ere partidua jai giroan bizitzeko hainbat aukera dago. Abadiñon Peña Ustaritz Taldeak Traña-Matienako Vancouver tabernaren kapoaldean ipiniko du pantaila. 17:00etan aurpegiak zuri-gorriz pintatzeko aukera egongo da. Ostean, 20:00etan, The Mockers taldeak kontzertua eskainiko du. Partiduaren ondoren musikak jarraituko du eta txapliguak jaurtiko dituzte.

 

Peñako kideek ezingo dute Ustaritz Aldekoa-Otalora animatu Betis taldean dabilelako, baina badute ordezkoa: “Ea partiduko gol bat Ander Iturraspek sartzen duen. Handia litzateke bere golagaz finala irabaztea”.

 

Durangoko Plateruena kafe antzokian ere eskainiko dute finala. Europa Leagueko finalean egin zuten moduan, 20:00etatik aurrera, saiheskia eta patatak afaltzeko modua egongo da, garagardoa edo freskagarriagaz, 5 euroren truke. Jakinarazi dutenez, Athleticeko 50 kamiseta ere zozkatuko dituzte.

 

Beste herri batzuetan ere ipiniko dituzte pantailak. Elorrion  udaletxe pareko plazan batuko dira athletic zaleak. Iurretan Ibai Ondo tabernaren aurrean ipiniko dute pantaila.

 

 


INKESTA

 

Xabier Zabala \"\"
Kiniela: 2-1

"Taldeek denboraldian egin duten jokoa erakusten badute partidu ikusgarria espero dut, gol aukera askokoa. Athleticek bere buruan sinistu behar du eta disfrutatzera irten. Horrela gauzak ondo joango dira. Bielsak dioen moduan: Athletic Karajo!"

 

 

 

\"\"Asier Astola eta Josu Meabe
Kiniela: 2-1

"Aurten sarritan erakutsi dugun jokoa egiten badugu finala guretzako izango da, seguru. Gakoa guregan dago. Berdin da parean nor dagoen, Bartzelona edo Numantzia. Guk geurea ematen badugu Errege Kopako finala irabazteko aukerak izango ditugu"

 

 

Arrate Igarza\"\"
Kiniela: 2-1

"Gaur Madrilen bazkaldu eta gero Athletic Hirira, karpara, joango gara, anbientera! Nik uste dut irabaztea ez dela ezinezkoa. Bartzelona talde oso ona da, baina badago irabazteko aukera. Athleticek ondo jokatzen badu, irabazi ahalko du"

 

 

 

\"\"Juanlu Areito eta Goiuri Sopelana
Kiniela: 1-0

"2009an Valentzian egon ginen Errege Kopako finala ikusten. Orduan bagenekien oso final zaila genuela, baina aurten irabazteko aukera gehiago ditugula esango nuke. Sekula ez da jakiten, baina, baditugu esperantzak domekan Bilbon gabarra ikusteko"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!