Ilusioz hasi, etsipenez bizi eta esperantzagaz amaitu zen finala

Anboto 2012ko mai. 10a, 13:04

Durangaldeko hainbat herritako plazak eta tabernak jendez bete ziren finala jarraitzeko

Durangaldeko hainbat herritako plazak eta tabernak jendez bete ziren finala jarraitzeko.

 

Ilusiotik etsipenera eta etsipenetik esperantzara. Ordu eta erdian sentimenduen abaniko zabala barru-barrutik sentitu zituzten athletic zaleek Europa Leagueko finalean. Sentimenduen koktel horretatik zaleak zeinekin oheratu ziren jakitea ez da erraza, baina barruari kasu eginez edo mezu positibo bat zabaltzeko beharrizana nabaritzen zelako, esperantzarena izan zen ahoz aho zabaldu zena: “Maiatzaren 25eko Errege Kopako finala irabaziko dugu, seguru”, esan zion Plateruenean lagun batek burumakur zegoen beste bati.

 

Durangaldeko hainbat herritako plazetan edo kaleetan (Elorrio, Abadiño, Mañaria…)  pantaila erraldoiak ipini zituzten finala jarraitzeko. Durangon Plateruena kafe antzokia ere lepo bete zen. Jokalariak zelairatu zirenean, Llorente, Muniain eta enparauak hantxe bertan baleude bezala txalotu zituzten Platerueneko zaleek. Egiari zor, une hartan porrota ez zen inoren aurreikuspenetan sartzen. Athleticen unea zela uste zen: “1997an galdu egin genuen eta gaur irabaztea egokitzen zaigu”.

 

Falcaoren lehenengo golak ez zuen justizia gailenduko zenaren sentsazioa amatatu. Asko falta zen oraindik. Zaleengan etsipena zabaldu zuena, oro har, minutuz minutu handitzen joan zen Athleticen nahi eta ezina izan zen: erritmo motela, Atletico Madrilen proposatutako amaraunean kateatuta… Falcao eta Diegoren golek sumatzen zena baieztatu besterik ez zuten egin.

 

Hilaren 25ean beste aukera bat izango du Athleticek, esperantza zorion bihurtzeko. 

 

Finaleko argazkiak Durangaldean

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!